Oier Mendizabalek Apraizen aurka hasiko du lauterdiko txapelketa, etzi Beotibarren

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 21a, 03:00

Apraiz gaindituz gero, ligilan sartuko litzateke. ´Azken bi asteotan kaiolan bakarrik ari naiz entrenatzen, ondo prestatu naizela uste dut` dio atzelari gazteak. Apraizek Beobide utzi du atzean, 22-6.

OIER Mendizabal pelotari hernaniarrak etzi, urriak 23, hasiko du 2. mailako lauterdiko txapelketa. Apraizen aurka neurtuko ditu indarrak Tolosako Beotibarren, 16:30ean hasiko den jaialdiko hirugarren partiduan. Aurretik binakako bat eta EPELen lauterdiko txapelketako finalzortzirenak jokatuko dira, Galarza V eta Gonzalezen artean.

´Aurtengo txapelketarako ondo prestatu naiz`

Mendizabal II aritua da lehen ere kaiolan, ´duela bi urte Akapulkora (Mexiko) joan nintzen eta paper txukuna egin nuen`. Iaz ere parte hartu zuen 2. mailako txapelketan: ´ez nuen txapelketa ondo prestatzerik izan eta Eskuderori irabazi eta gero, kaleratu egin ninduten bigarren kanporaketan` azaldu du. Aurten, berriz, ondo prestatuta ikusten du bere burua, ´azken bi asteetan lauterdian entrenatzen ari naiz buru belarri, eta duela hilabete inguru Berasaluze VIIIaren aurka lortutako garaipenak ere konfiantza eman dit` adierazi du.

Entrenamendu bereziak

Esan bezala, Oier buru-belarri ari da lauterdiko kontzeptuak barneratzeko helburuarekin: ´Neurrietara ohitzea ezinbestekoa da eta sakearekin asmatzea ere bai. Kontuan hartu behar da atzelariok txapelketa honetan bakarrik sakatzen dugula`. Hala ere, ez dirudi zailtasunik izango duenik hasierako jokaldia burutzerakoan, ´zailena botea ematea da, baina bestela, zuzendutako pelotakada bat ematea besterik ez da`. Mugimendu lateralak, erritmo bizia, nekea, edota gantxo postura ez ditu ahazten atzelariak, lauterdiko berezitasunen artean. Uda garaian asko jokatu du Oierrek, eta horrek kalte egin ote dion galdetzean, ezetz dio: ´egia da trote haundia daramagula, baina deskantsu egun batzuk izan ditut eta orain ondo aurkitzen dut nere burua`.

´Partidu peloteatua izango da etzikoa`

Partidua irabazteko gakoei buruz zera dio Mendizabal IIk: ´garrantzitsuena nerbioei eustea izango da. Iaz blokeatuta atera nintzen frontoira eta horrela ezin dut nire maila eman`. Apraizi buruz, hau da hernaniarraren analisia: ´berak ondo sakatzen du eta argi ibili beharko dut; Beobideri 13 sake sartu zizkion. 22-6 irabazi zuen eta moralez gainezka izango dela uste dut. Nik partidu peloteatua aurreikusten dut, bera mugiarazten saiatuko naiz, baina lasai jokatuta. Inkognita asko daude, sakeak, errestoak...` Astelehenekoa irabaziz gero, ligilan sartuko litzateke, Aratz Mendizabal eta Bellosoren arteko irabazleari ere irabaziz gero. Txapelketa irabazteko hautagairik ez dauka Oierrek, ´Aratz Mendizabal oso gogorra da, esperientzia badu, baina Belloso Argote irabaztetik dator eta edozer pasa liteke.`

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!