«Kartzelatik ateratzean poz haundia sentitzen da, baina lagunak han uztea latza da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 21a, 03:00

Joxe Manuel Errazkin Otsua irailaren 4an geratu zen libre, 10 urte espetxean egin ondoren. Gaur ongi etorria egingo diote Tilosetan, arratsaldeko 19:00etan. Hernaniko Kronikak berekin eta bere emazte Mila Mujikarekin hitz egin du. Kartzelaldi luzearen eta herrirako bueltaren nondik norakoak kontatu dizkigute, presoaren eta senitartekoen egoera eta bizipenak.

Hamar urte kartzelan egin ondoren nolakoa izan da irteera eta azken egunak?

Han bertan, espetxeko atarian, 40 lagun ikustea aurreskua dantzatzen... izugarria da, hunkigarria. Kanpora ateratzearen poza izugarria da, baina barruan uzten dituzunen penarekin nahasten da. Oso gogorra da lagunak barruan uztea. Nik bereziki bat daukat gogoan, Txori, 21 urte daramazki barruan eta ni 10 urte eginda atera naiz kanpora. Orain pentsatzen jarrita, niri ez zaizkit hain luzeak egin urte guzti horiek, baina azken hilabetea bai: espetxean sakabanatuta gaude eta beste modulokoekin tokatzean despeditzen zara, agurra, ´ez gaituk ikusiko`, gero beste batekin... azken egunean berriz modulokoekin despeditzen zara eta oso gogorra da. Barruan egiten diren harremanak ez dira hemen kanpokoak bezalakoak, han egiten den lotura beste lotura mota bat da, askozaz estuagoa.

Eta herrira etorrera?

Herrira bidean lasaitzera bezala egin nuen, baina Andoaindik hona berriz ere dena mugitu zitzaidan. Gero harrera oso hunkigarria da, eta hitzik ere atera ezinda gelditu nintzen. Hainbeste denboran ikusi gabeko jendea, jende berria... hamar urte ez dira hainbeste, baina asko dira eta sorpresa izugarriak hartzen dituzu. Adibidez, aurreskua dantzatu zutenen artean bazen neskato bat nire lagun min baten alaba, ni barruan nintzela jaioa eta nor zen galdetu eta esan zidanean harrituta gelditu nintzen.

Kanpoko bizimodura ohitzea erraza egin al zaizu?

Ez, ez, oso zaila, ez da hola-hola aterrizatzen, nik behintzat ez. Kalean banoala askorekin gertatzen zait: pertsona bat ikusi, ezagutu bai bistaz, baina zertatik ezin gogoratu. Azkenean, bera etorri eta esaten dizu. Batzutan nekagarria eta guzti egin liteke, jende guztia etortzen baita, baina normala da eta normalizatuko da. Horrez gain, hartu nahi izaten da galdutako guztia eta nahastu egiten dira gauza asko: ´hau horrela zan` eta esaten dizute ´ez ez, hik esan dekena han huan, eta beste hau huken hor`.

Herria aldatua aurkitu al duzu?

Aldakuntza izugarria ikusi dut, batez ere eraikuntza eta azpiegituretan. Inpresioa ematen du herrian buelta bat emateak. Barruan egunkari, argazki eta bestelako gauza asko jasotzen dugu, oso estimatua baita horrelako informazioa, eta kanpoko idea bat egiten da; baina irtetzean, burua lehengo eskemetan zegoela konturatzen zara, 10 urte atzera egiten duzu berriz ere momentu batean, oraingoa ikusita lehengoaz gogoratzen zara, eta izugarrizko inpresioa egiten dizu. Harrigarria izaten da askotan, bisitetan, datorren jendeak baino gehiago dakizula herriataz, ekarritako dena absorbitzen baituzu; herriko eta auzoko gauzak batipat. Askotan gertatu zait ´hi halako egin omen ditek` eta ´ba nik ideaik eztit ba, hik guk baino gehigo jakin bihar dek gainea!`. Baina gero gauzak ikustean sustoa hartzen da.

Eta Martindegi auzoa?

Auzoa barrutik ez, baina sarrera asko. Bi rotondak Kronika batean ikusi nituen eta forma ezin nion hartu.

Hamar urte hauetan alderik nabaritu duzu kartzelako egoeran?

Bai, bai, azkenera eta okerrago dago egoera, askozaz estuagoa. Adibide nabarmena da orain 6 hilabeteko 10 lagunen bisita duzula eta astean 5 telefono dei besterik ez, 5 minutukoak. Horrez gain, dena ukatzen dute gaur egun, eman ezer ere ez. Lehen redenzioak eta izaten ziren kondena murrizteko balio zutenak, baina 2003ko martxoaren 11ko atentatuez gero, hori guztia moztu dute.

Lau kartzela desberdinetan izan zara.

Bai, baina Martutenen denbora gutxi egin nuen. Kartzela guztiak txarrak direla kontuan hartuta ere, badago aldea beren artean. Alcalan egon nintzen gero, eta garai haietan, bueno, ez zen hain txarra, kartzela onik ez dagoela kontuan hartuta, eta ni nahiko erraz moldatzen naizela. Isolamendutik ijitoz betetako modulo batera sartu ninduten, eta hasieran sustatu nintzen, baina moldatu ginen. Azken batean, zu handik edo hemendik izorratzea bilatzen dute eta horregatik egiten dituzte hainbeste aldaketa eta proba, zu nondik edo handik lehertzen ote zaren ikusteko. Txarren txarrena jatekoa zen han. Navalcarnero, berriz, oso zorrotza da, euskal presoentzako bereziki, baina besteentzako ere bai; normak oso estuak dira han. Janari eta garbitasun aldetik, berriz, Alcalakoa baino asko hobea zen. Salamancakoa, beno, hainbestean. Senideentzat gertuago izatea da aldea. Zigorragatik eta, arratsaldeak zeldan egin behar izaten nituen, baina Salamancan zeramikako tailerrean pasatzea lortu nuen eta hobeto, gauza mordo bat egin nuen gainera, idearik izan gabe hasi banintzen ere.

Batetik besterako hainbeste aldaketa gogorrak izango dira, ezta?

Bai gogorra da, baina ni nahiko ondo moldatu izan naiz. Hori presoa izorratzeko egiten dute. Ni egon izan naiz 2 urtean moduloan beste preso politikorik gabe, baina ondo moldatu nintzen. Oso gogorra senitartekoentzat izaten da, modu batera moldatuta daudenean beste batera moldatu behar izaten baitute.

Espetxeetako egoerak txarrera egin duela esan duzu. Egoera horretan gauzak hobetuko direnaren itxaropenik izaten al da?

Bai, nik beti izan dut gauzak hobetuko direnaren itxaropena. 1998ko su etenak kartzela barruan izugarrizko itxaropena piztu zuen, eta oraingo su etenak ere izugarrizko itxaropena piztu zuen hasieran. Orain ez dakit zer giro egongo den gauza dagoen bezela... agian ilusio hori pixka bat jaitsiko zen. Barruan mugimendua ikusi nahi izaten da, eta manifestazio haundiak-eta arnas haundia izaten dira presoarentzat. Beste mugimendu haundi bat ez ikustea ordea tristea da, dagoeneko 6 hilabete pasa dira su etenetik eta gauza mugitzen hasteko nahiko denbora bada. Nik uste dut borondarik bada gauzak konpontzeko garaia dela oraingoa, baina orain ere EAJn ikusten dut nik hemen pekaturik haundiena. Ez du behar bezalako borondaterik jartzen arazoa konpontzeko. Iritsi garen tokira iritsita, kale borroka eta horrelako aitzikiekin; arazoari heldu eta aurre egin beharko lioke. Hala ere uste dut oraingoak atzera bueltarik ez duela; arazoak eta trabak jartzen saiatuko dira baina.

Orain zer bizimodu egin nahi duzu?

Poliki-poliki lehengora bueltatu nahiko nuke, lanera bueltatu, lehengo martxa hartu eta bizimodu arrunta eraman aurrera. Horixe da nire helburua.

Ongi etorria egingo dizute gaur. Zer sentitzen da?

Berriz ere oso nerbioso nago horrekin. Esaten diot Milari bera bakarrik etortzeko, baina tira, joan beharko dugu. Egia esan espetxetik ateratzen denak omenaldia mereziko du, baina senideek ere merezi dute. Hainbeste urtean, hainbeste bidai eta sufrimendu, hainbeste aiton-amona hogeitaka urteetan hara eta hona... horiek merezi dute omenaldia. Askotan izaten da kulpabilidade sentsazioa ere, senideak horrela ikusita. Kartzela barruan ezinbesteko oxigenoa izaten dira bisitak. Askotan esaten digute bisitara datozenek guk indarra ematen diegula, baina presoak hartu egiten du indarra bisitetan. Aste osoan egoten zara horren zain, eta despedida berriz oso gogorra izaten da, nahiz eta aurpegi ona jartzen saiatu. Espetxean gaur egun dagoen egoerarekin, eta bisitarik gabe... eromena ekarri behar du horrek. Han lagunak eta egiten dira, baina familia eta herriko berri eta... beharrezkoa da.

 

Mila Mujika

«Oso gogorra da senideen egoera, egin dudana oso gustora egin dut, baina oso gogorra da»

Mila Mujikak presoen senitartekoek bizi duten egoera azaldu dio Kronikari. Asteroko bisitak, bidaia luzeak... oso gogorrak direla nabarmendu du: ´tentsio haundiarekin, 1.000 eta piko kilometro egin egun batean, neguko eguraldiarekin, lana bukatu berritan askotan... gogorra da`. Azken urteetan Salamancara egin behar izan ditu bidaiak eta ´zortea duzula iruditzen zaizu, beste batzuen aldean gertu dagoelako` azpimarratu du. Elur garaian, Gasteiz eta Burgos astero-astero pasa beharrak sortzen duen tentsioa azpimarratu du. Bestalde, bidaia guzti horiek sortzen duten gastu ekonomiko haundia ere azpimarratu du Mujikak, asteburu osoa egin baitute askok etxetik kanpora, bisitetara joan etorrian, ´baina, jende askok eta askok sufritzen duena kontuan hartuta, arazo ekonomikoa hutsa da`, esan dio Kronikari. Urte hauetan egin duena ´gustora` egin duela ere argi utzi du Mujikak, baina oso gogorra egiten dela ere azpimarratu du. Senideek bizi duten gain-sufrimendu hau behingoz bukatzeko galdetzen du, ea presoak noiz ekarri behar dituzten Euskal Herrira ´behingoz gaixo daudenak eta kondena betetakoak libre utzita`. Horrek egoera asko lasaituko lukeela uste du.

Bisitetara sarrerak

Bidaiaz gain, bisitetako sarreretan funtzionario askok izan ohi duten jarrera ere salatu du: ´umeari papila emateko kutxarila pasatzen utzi ez, edo baloia kendu, janaria pasatzeko zailatasunak jarri, despeditzen utzi ez...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!