Gaur bukatzen da ‘Emakumea eta Umorea’ tailerrean izena emateko epea

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 20a, 03:00

Berdintasun Kontseiluak antolatu du. Hausnarketa egiteaz gain, zenbait ariketa praktiko ere proposatuko dira tailerrean.

EMAKUmEENTZAKO ikastaro tailerrak antolatu ditu Berdintasun Kontseiluak. Horietako bat da Emakumea eta Umorea gaiaren bueltan antolatu dutena. Tailerra urriaren 23an, astelehenean hasiko da eta abenduaren 18ra arte izango da astelehenero, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Matrikulak 10 euro balio ditu eta izena emateko honako telefono hauetara deitu daiteke: 943 337017 edo 943 337043.

Hausnarketa eta ariketak

Bea Egiazabalek dinamizatuko du Emakumea eta Umorea tailerra eta berak azaldutakoaren arabera, hausnarketa eta ariketa praktikoak uztartuko dira: ´Lehendabizi umorearen inguruko gogoeta egingo dugu, esaterako, aztertuko dugu barreak osasunean duen eragina eta barreterapiaren inguruko ariketak egingo ditugu`. Segidan hausnartuko dute zer dela eta egiten den bereizketa emakume eta gizonezkoen artean, baita umorearen gaiaren inguruan ere. ´Honen inguruan ariketak egingo ditugu gure buruak nola funtzionatzen duen konturatzeko, konturatu gabe egiten ditugun gauzetaz ohartzeko` azaldu du Bea Egiazabalek. Bukatzeko emakumea umore hartzaile paperean aztertuko dute eta baita umore sortzaile moduan ere. Atal honetan klown ariketen bidez, sudur gorria jantzita, umorea egiten saiatuko dira.

Beste tailerrak

Emakumea eta Umorea tailerraz gain beste honako tailer hauek ere antolatu ditu Berdintasun Kontseiluak: Munduko emakumeen literatura, Komunikazioa eta jendaurrean hitz egiteko teknikak, DJ tailerra, Autodefentsa eta Munduko emakumeen literatura.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!