Atzo ireki zen Mañe y Flaquer plazako bide-heziketarako zirkuitua

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 20a, 03:00

Kurtso honetan 1.200 ikaslek jasoko dituzte bide-heziketa klaseak. Bi udaltzain ari dira klaseak ematen, haurrek ikasi dezaten kalean suertatzen diren egoerei aurre egiten.

ATZO estreinatu zuten Inmaculada ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek Mañe y Flaquer plazan bide heziketarako osatu duten zirkuitua. Bide hezkuntzako ikastaroan Hernaniko ikastetxe guztiek hartuko dute parte, guztira 1.200 ikaslek: Lehen Hezkuntzako maila guztietako eta Bigarren Hezkuntzako aurreneko mailako ikasleak. Zaharren Egoitzan talde bat ere osatu dute. Programa joan den ikasturteko maiatzean aurkeztu zuten eta aurtengo ikasturtean jarri da martxan. Klase ematen Hernaniko bi udaltzain izaten dira, aldez aurretik klaseak emateko beren burua prestatu dutenak.

Adinaren arabera egokitua

Bide heziketa programako ikasleei erakusten zaie, eguneroko bizitzan, kalean suertatzen diren hainbat egoerei ziurtasunez aurre egiten. Ikasle txikienek oinez egiten dituzte zirkuituko ariketak eta helduenek bizikletan. Besteak beste, zebra bideak, abiadura murrizteko seinaleak, arrisku egoerak iragartzen dituzten seinaleak, errotondak... aurkituko dituzte zirkuituan, eta modu praktikoan eta seguruan, nola erantzun behar duten ikasiko dute . Praktikak egin aurretik, klase teorikoak jasotzen dituzte ikasleek. Guztira, teoria eta praktika, 3 ordu.

Haurrak gustora

Mañe y Flaquer plazako zirkuituan bizikletan batetik bestera topatu ditugu Inmaculada ikastetxeko Eli eta Andrea. Gustora dabiltzala adierazi dute eta gauza berriak ikasi dituztela ere bai: ´bizikletan goazenean besoekin zein norabide hartuko dugun seinalizatzea, eta errotondetan nola ibili` esaterako. Ikasitakoa erabiliko dutela eta erabilgarria zaiela ere aipatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!