Etxe hutsak alokairuan jartzeko ‘Bizigune’ programa herrian garatzeko hitzarmena onartu du Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 21a, 03:00

Udalak langileak jarriko ditu herrian Bizigune programa kudeatzeko. Programa udaletxeko Etxebizitza Sailetik bideratuko litzateke.

BIZIGUNE programa herrian aurrera atera ahal izateko hitzarmena onartu zuen osteguneko Plenoak. Hitzarmena Udala eta Visesaren artekoa da (Eusko Jaurlaritzak sustatutako enpresa) eta ahalbideratuko du etxe hutsak alokairuan jartzeko programa hau Hernaniko Udaleko Etxebizitza Sailak kudeatzea. Horretarako Udalak langile bat jarriko luke eta, besteak beste, programaren inguruko informazioa eskura jarriko luke, etxea behar dutenen eskariak eta etxeen jabeen eskaintzak koordinatuko lituzke. Hitzarmenaren aldeko botazioan alderdi guztiek alde botatu zuten, PPko zinegotziak kenduta, abstenitu egin baitzen. PPko zinegotziaren ustez, Bizigune programarekin Eusko Jaurlaritzak eskumen gehiegi ditu eta Udalak karga gehiegi.

Bizigune programaren nondik norakoak

Txema Mercado Etxebizitza Zinegotziak Bizigune programaren nondik norakoak azaldu ditu. Zinegotziak azaldu duenez etxe hutsen jabeek etxeak alokairuan jartzeko beldurra izaten dute, ´batetik etxean sartzen denak etxea gaizki utzi dezakeelako eta bestetik alokairua jaso gabe geratu daitekeelako` azaldu du. ´Honi erantzuteko alokairua Visesa enpresak berak ordainduko du eta jabeari bermatuko dio etxea behar bezala jasoko du`, azaldu du Mercadok. ´Bestalde etxean sartuko denari bermatzen dio etxea behar bezala jasoko duela` dio zinegotziak, ´izan ere etxean obrak egiteko diru laguntzak eskaintzen ditu programak`. Horrez gain, alokairuaren prezioa merkatukoa baino sozialagoa izango litzatekeela ere aipatu du Mercadok.

Portun etxeak

Portu eta Karabel arteko lurretan etxeak egiteko Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmena ere onartu zen Plenoan. PSOE abstenitu egin zen botazioan. Adierazi zuen, ez zaiola egokia iruditzen etxe horiek egiterakoan Udalak lortutako aprobetxamendua (%10), eta udal ondarea Portun lurrak erosteko erabiltzea. Iñaki Arratibelek, Hirigintza Zinegotziak, erantzun zuen hitzarmen honen onura hernaniarrek jasoko dutela, izan ere, hitzarmenaren bidez eraikiko diren 87 etxeak hernaniarrentzat izango dira.

2007ko ordenantza fiskalak eta taxien tarifak

2007ko ordenantza fiskalak ere onartu ziren. Udaletxeko tasa, prezio publiko eta zergak %4 igoko dira. Badaude salbuespenak, gehiago igoko baitira zaborraren tasa, %10, eta uraren horniketaren tasa %7,97. Kirol Patronatuari dagozkion tasak %4 igoko dira, Buruntzaldetik gestionatzen diren zerbitzuak kenduta, horiek %7,54 igoko baitira. Ongintza Patronatuko tasak ere %4 igoko dira. Sandiusterri aretoari dagozkionak gehiago igoko dira, egin diren obrak direla eta. Taxien tarifak igotzea ere onartu zen: bataz beste, %3,8.

115 aparkamendu berri Karabelen

AUZOEn  errehabilitazio planaren barruan, Karabelen egindako obrak aurkeztu zituzten atzo prentsaurrean Jose Antonio Cuesta, Obra Publikoetako Zinegotziak, eta Andoni Amonarraiz Zerbitzu Publikoetako Zinegotziak. Berrikuntza nagusiena 115 aparkamendu berri egin izana da. Zinegotziek azaldu dutenez, auzotarrek aspaldi egindako eskaria izan da aparkamenduena. Aparkamendu horietako 55 Renferekin egindako hitzarmen baten bidez lortu dira. Beste 66ak Oleta plazari puska bat kenduta egin dituzte.
Oleta plaza ere berritu egin dute: lurra haurrak jolasteko moduan jarri dute; haurrentzako jolasak jarri dituzte; bi  iturri eta bankoak ere jarri dituzte; gauerako argiak jarri dituzte eta belar eta zuhaitz berriak ere bai. Obra aprobetxatuta, inguruko blokeetako saneamandu lanak egin dituzte eta aurrerantzean beste blokeetan ere egingo dute.
Auzoko kontainerrak lur azpian jartzekoak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!