iÑAKI Arratibel Hirigintza Zinegotziak atzo prentsaurrean azaldu zuen Arau Subsidiarioek Hernanin zenbait industrigune egiteko lurrak gorde dituztela, Eusko Jaurlaritzak eskatuta. Jaurlaritzak uste du Urumeako autobidea, 2garren sahiesbidea eta Abiadura Handiko Trena doazen inguruak industriguneak kokatzeko eremu garrantzitsuenetakoak direla. Arauei behin behineko onarpena eman zion plenoak eta Diputazioak eman behar dio orain behin betiko onarpena.
Altzueta inguruan AHTa eta industrigunea
Altzueta eta Iparragirre inguruan 143.000 m2 ko industrigunea aurrikusten dute arauek. Eziago eta Ibarluze poligonoak zubi bidez lotzea ere aurrikusten da, Goizuetako errepidea askatzeko. Lurralde horien gainetik, alturan doan zubi batean zehar, AHTa pasako litzateke eta azpiegitura honek ere zenbait lur hartuko lituzke. Udalak ez daki oraindik AHTa zehazki nondik pasako den eta ibilbidea zehazten duen dokumentuaren zain dago. Horrek ahalbideratuko du zehaztea industrigunea nondik nora dijoan. Ez dago garbi ezta ere Altzueta eta Iparragirre baserriak bere horretan mantenduko diren.
Industrigunea Galarretan
Galarretan, Play diskotekatik gora dijoan aldapatik eskuin eta ezkerretara, 91.000 m2 ko industrialdea egiteko lurrak gorde dira. Industrialde honetako enpresak Miramon Teknologi Parkean daudenen antzekoak izango lirateke, ondoan dauden etxebizitzen bizi kalitatea arriskuan jarriko ez dutenak, Iñaki Arratibelen hitzetan.
Zikuñaga
Zikuñagan industriarentzako beste eremu txiki bat ere aurrikusten dute arauek, Eziago poligonorako sarrera hobetzea helburu duena.