gaur, Antzerki zikloko bigarren egunean, Larru Haizetara antzezlana ikusi ahal izango da Biterin, Ez dok hiru-Bikoteatroaren eskutik. Lanak euskera eta sexuaren ´harreman zaila` azaleratzen du, umorez eta euskeraz. Larru Haizetara obran Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira antzezleak, Bixente Martinezek jarri du musika eta Aitor Mazo da zuzendaria. Telleria eta Martinezek osaturiko ´bikote artistikoak` hainbat lan egin ditu jada, antzerkian (Marxkarada, Eus-kera sencilloaren manifestoa...) eta telebistan (Irrikitan). Bikoteak pixkanaka estilo finko bat lortu du eta batetik, hizketaldi motz eta eroak eta bestetik, landutako gaien gertutasuna (euskal gizartea, euskera...) dituzte ezaugarri nagusiak, euskera erabiltzearekin bat.
´Euskerak ezindu egiten du sexu bizitza normal bat`
Hori da antzezlanaren sinopsian egiten duten baieztapenetako bat. Sevillan Nasío pa ligar eta Kadizen Nasío pa bacilar kamisetak daramazkiten bitartean, Hernanin Nazio eztabaidagunea dioena jazten omen dugu, eta ´horrela doa jaiotza tasa`. Beste adibide bat jartzen dute: ´Esaiozu norbaiti: Nik zu zaitut maiteago arraitxoak ura baino eta ikusiko duzu zer lortuko duzun!`. Larru haizetaran terapia sexual bat gauzatu nahi dute, ´guk euskaldunon larritasun sexualaren ohiko egoerak planteatzen ditugu, ikusleak bere gabeziak ikusten ditu bertan, eta barre eginez, liberatu egiten du bere burua`. Barre-terapiarekin, obrak inflexio puntu bat markatu nahi du euskaldunon harreman sexualetan.