Hernaniko Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatuak antolatuta, gurasoentzako tailerrak izango dira bihartik aurrera Biterin. Tailerren izenburuak Adoleszentzia eta familia eta Haurtzaroa eta familia dira eta familiak hezteko beharrezkoak diren gaiak landuko dira bertan, modu aktiboan. Aurreneko tailerra 10 urtez gorako seme-alabak dituzten gurasoei eskainia da eta datorren urriaren 23an, astelehena, hasiko da, 14:45ean Biterin. Bigarrena, 10 urtez beherako haurrak dituzten gurasoei zuzendua da eta bihar, urriak 19, izango du aurreneko klasea, 14:45etik 16:15era, Biterin.
Topaketak eta aholkularitza
Topaketak ere antolatu ditu Patronatuak, Hernaniko ikastetxeetako gurasoentzat. Gaia tailerren berbera izango da eta 9 saio izango dira. Ikastetxeak erabakiko du hizlaria, metodologia, eguna eta ordua. Horrez gain, Patronatutik gogoratu nahi dute Informazio eta aholkularitza zerbitzu munizipala irekia dagoela guraso ororentzat, seme alaben jarrera problematikoekin erlazionatutako gaiez informatu, aholkua eskatu edo mintzatzeko. Tailer eta topaketetan parte hartzeko 943-557854 telefonora deitu edo aurkezpen egunean Biterira agertu behar da. Aholkularitza zerbitzuarekin harremanetan jarri nahi duenak telefono horretara deitu edo Sandiusterri 1eko lokalera agertu behar du, 09:00etatik 13.00etara.