El Vendedor de tiempo antzezlanak emango dio hasiera aurtengo Antzerki zikloari, gaur arratsaldeko 20:00etan, Biteri kultur etxean. Komedia musikal hau Ados teatroa konpainiak ekoiztutakoa da eta Joxan Goikoetxea hernaniarrak sortutako musikak girotuko du. Gaurkoaz gain, beste bi antzezlan izango dira ikusgai bihar eta etzi, Larru Haizetara eta El avaro de Moliere, hurrenez hurren.
‘Best seller’ batean oinarritutako antzezlana
El vendedor de tiempo antzezlana Fernando Trias de Besen izen bereko liburuan oinarritua dago. 2005ean argitaratu zen best seller-ak 500.000 ale saldu ditu; liburua 9 hizkuntzetara itzulia izan da. Obrako zuzendaria Garbi Losada da eta 7 antzezlek hartzen dute parte lanean: Koldo Losada, Carlos Nguem, Lierni Fresnedo, Ainhoa Aierbe, Joseba Morrás, Txori García Uriz eta Dorleta Urretabizkaiak. Ados teatroak orain arte euskaraz eta gaztelaniaz ekoiztu ditu obrak, baina hau gaztelania hutsean izango da, pieza musikal guztiak bikoiztea gehiegizko lana zelako eta estatu espainiarrean barrena bira egin behar dutelako. El vendedor de tiempo lanak gogora arazten du, ekonomia herritarrengan oinarrituta dagoela, ikuspegi ironiko batekin. Horrekin batera, sistemaren gehiegikeriaren aurka jotzeko, kontsumo produktuak herritarren arma bilakatu daitezkeen eguna gertu egon daitekeela aditzera ematen du antzezlan honek.
Joxan Goikoetxea eta Ados teatroa, 12 urteko elkarlana
Ados teatroa konpainiak 12 urtetan egindako antzezlan ia guztiei jarri die musika Joxan Goikoetxea hernaniarrak. 1994an Robinson Crusoe lana musikatu zuenetik gaur arte, konpainiaren 12 lanei jarri die doinua. Hauez gain, Ttanttaka, Hika edo Agerreren obrak ere musikatu ditu; 1990an hasi zenetik 19 antzezlanetarako doinuak sortu ditu guztira. Musikariak lan hau ´jarduera positibotzat` du, ´enkarguz egindako musikarekin beste istorio eta giro batean sartzen bainaiz`. Antzerkian alor ezberdinak ukitu ditu, haur antzerkia, mutua... baina musikalak omen du lan gehien, ´%50 inguru pieza musikalak baitira`. Musikalak berpiztu egin omen dira azkenaldian, Londres eta New Yorkeko eraginagatik, eta nola ez, telebistagatik. Hori dela eta, pozik dago, ´lan gehiago dugu eta`. El vendedor de tiempo komedia musikalaz mintzatzerakoan, ´komedia atsegin` tonoa bilatu nahi izan duela dio, ´entzuteko errazak` diren 23 momentu musikalekin, Trias de Besen liburuaren ildoa segiz. Musika sortzeko ordenagailua eta sintetizatzaileak erabili ditu, ´gaur egun horrela konposatzen da`, eta azken nahasketetan beste bi hernaniarren parte hartzea ere izan du, Roberto Yabenena, kitarrarekin eta Roberto Pachecorena, saxofoiarekin. Goikoetxeak dionez, Trias de Bes, obra ikusi eta gero, ´oso gustora` geratu da nahiz eta, hasieran, ez zuen imajinatzen bere liburuari egokitutako musika nolakoa izango zen.