KARKABAN dagoen Karbonera etxeak festa egingo du urriaren 21ean, datorren larunbatean. Egun guztiko egitaraua antolatu dute, festa eta gogoeta uztartuta. Eguerdian bazkari herrikoia izango da Tilosetan: babarrunak, odolkia, aza, gindilla, postrerako arroz esnea, kafea eta guzti. Jakinarazi dute txartelak salgai jarri dituztela, 10 eurotan, Kitto, Goiz Argi eta Tripontzi tabernetan. Herritar guztiak animatu nahi dituzte parte hartzera. Karbonerako asanbladak azaldu duenez, festa etxebizitza, autogestioa eta okupazioaren inguruko gogoeta egiteko antolatu dute batetik, eta bestetik, etxea eta antolatzen diren ekintza kulturalak herrian ezagutarazteko. Horrez gain, dirua ere bildu nahi lukete, ekintzak antolatzen jarraitzeko.
Apiriletik martxan
Garai batean karbonera zen etxea apirilean okupatu zuten, ´bizitzeko leku bat behar genuen eta etxe honek urteak zeramazkien hutsik` azaldu dute. Sartu eta berehala bizilagunei eskutitz bat bidali zitzaiela azaldu dute, ´elkarbizitza egiteko eta herrian ekintza partehartzaileak egiteko asmoa genuela jakinarazteko`. Horrez gain diote, ´espazio hutsak berreskuratzea eta hauei bizitza ematea` izan dela haien asmoa. ´ Sartu ginenetik horretan aritu gara lanean: etxea txukuntzen, bajerako espazioa ekintza kulturaletarako egokitzen eta herriko alde zaharra bizituko duten ekintzak egiten`. San Joanetan etxeko ateak ireki zituztela ere aipatu dute: ´etxeko ateak ireki eta etxean bertan prestatutako janaria eskaini zitzaion jendeari. Honek aukera eman zigun bizilagunekin harremanetan jartzeko. Oso positiboa izan zen`. Uztailean udaltzainak etxeko leihotik sartu izana ere salatu nahi izan du Karbonerako asanbladak: ´inolako abisurik gabe sartu ziren etxeko leihotik, barruan zegoen jendea identifikatzeko; bidegabekeria hutsa` irizten dute.
Karbonera gunea
Abuztuan, Karbonerako bizilagunek etxeko bajera jendearen eskura utzi zuen, ekintza kulturalak egiteko. Espazio horren inguruan asanblada bat sortu zen, Karboneran bizi den jendeak eta parte hartu nahi duten herritarrek osatzen dutena. Ordutik astero proiekzioak, hitzaldiak, errezitaldiak eta bestelako ekintzak egin izan dira. Aurrerantzean egingo dituzten ekintzen artean aipatu dituzte, zine xumea edo baliabide gutxirekin egindako zinema zikloa eta gerra zibilari buruzko zikloa. Asanbladak astelehenetan arratsaldeko 20:00etan egiten dituzte eta azaldu dute irekia dela parte hartu nahi duen guztiarentzat.
Karbonerak antolatutako ekintzak
Urriak 19.
Zine xumea zikloko aurreneko filma: ‘Earthlings’ . 20:30etan, Karbonera gunean.
Urriak 21. KARBONERA FESTA
11:00, Karbonera gunean: Topaketa eta mahaingurua etxebizitza, autogestioa eta okupazioari buruz, herriko talde ezberdinekin. Mural pintaketa eta bertsolariak.
13:00. Tilosetan: proiektuen aurkezpena eta bertso saioa.
14:30: babarrun jan herrikoia. (Txartelak salgai, Kitto, Goiz Argi eta Tripontzi tabernetan).
16:00: bazkolondoko hitzak eta Gartxotekin kantu saioa.
17:00: Moriarti pailazoa.
18:00: DJ Waterparties eta lagunen zuzeneko saioa.
19:30: Bideo proiekzioa.
20:00: Morau eta Nazka.
Urriak 26.
Zine xumea zikloa: ‘Memoria del saqueo’. 20:30etan, Karbonera gunean.