Beda erdiak ez du pieza askorik utzi Hernanin, ´tortola pare bat eta dozena erdi bat birigarro` Txantxangorri elkartetik jakitera eman digutenez. Izan ere, aspaldiko urteetan gogoratzen den tortola pase txarrentsuena izan da aurtengoa eta ehiztariak usoaren zain daude, datorren asteak ekarriko dituenaren esperantzan. Joan den ostegunean, Pilarica egunarekin, ireki zen beda osoa eta hemendik aurrera izaten da puria eta irrikia ehiztarien artean: bat bota eta bost kontatu; baina, bat hori ere bota egin behar!
Usoa, hego haizeak
Europa erdi eta Iparraldetik Afrika aldera egiten du usoak, eguraldiak hoztera egiten duenarekin batera. Haizeak nondik jo, usoak alde bat edo bestetik egiten du Afrikarako bidaia hori eta Euskal Herriko postuetara hego haizeak ekarri ohi ditu normalean. Hemengo uso ehiztariek hortzak zorroztuta itxaroten diote hegoari, nahiz eta askotan usorik gabe ere etorri ohi den.
Oilagorra txarrarekin
Oilagorrak ere usoaren tankerako bidaia egiten du eta deskantsatu eta jatera gelditzen da hemen, eguraldi txarrarekin errazago. Oilagorra beraz, eguraldi txarrarekin gehiago izaten dela esan liteke, baina hori ere ez da izaten matematika eta azken urteetan apenas asko gelditu den. Oilagorrarena txakurrarekin egiten den ehiza klasea da, uso ehizaren oso bestelakoa. Ehiztariak ibili latzak egingo ditu txakurrarekin oilagorraren arrastoari segika, usoaren zain kamuflatutako postuan egongo den bitartean. Oilagorra zelatan botatzea galerazia dago, nahiz eta egiten ez denik ez dugun esango. Ehiza larria, hemen eta kanpoan Zaletu asko dituen beste ehiza klasea basurde ehiza da, koadrilan egiten dena. Hernanin jende asko ibiltzen da basurdetan, eta tenporadan, asteburu gutxi izango dira hara edo hona mugitzen ez direna. Hemen bertan basurdetan ibiltzen dira, baina gehiena Huesca, Araba eta abarretara joaten dira, baso haundietara. Makina bat kilometro egiten du zenbaitek, kotxean zakurrak hartuta. Beda erdia, txarra Oriamendi eta Altzainen abuztuan irekitzen dira postuak eta Larregain eta Asketan, urrian. Orain artean ezer gutxi bota dute batean eta bestean, eta sorteoetan ere nabaritu da hori Txantxangorriko arduradunek Kronikari esan diotenez. Hasieran, jende asko bildu zen sorteora, baina ezer pasatzen ez zela ikusita, jendeak atzera egin du beda erdiko azken egunetan. Hala ere, nahikoa omen da egun batean zerbait bota eta zurrumurrua zabaltzea, jendea berriz ere sorteoetara joaten hasteko. Hala ere, behin beda osoa irekita, jende kopurua asko igotzen da postuetan, eta urriko azken bi asteetan batik bat.
Postu bakarra egunean
Gipuzkoan postu gutxi dira subastara ateratzen dituztenak, Aizkorri inguru horretan gehienak. Gainerakoak zozketatu egiten dituzte, Hernanikoak kasu. Hernanin, Oriamendi-Altzegainen, Larregain-Akola-Igoinen eta Antxista-Azketa-Etzalan daude puestoak, 136 guztira, eta egunero sorteatzen dira, 20:00etan Txantxangorrin. Prezioak desberdinak dituzte: tokiaren arabera, eta bazkide federatu eta federatu gabeentzat. Horrez gain, Hernanin zozketan sartzen den ehiztariak, egun berean ezin du beste herritako postuetako zozketan sartu eta horretarako txartel bat dute zozketa egiten den lekuan egunero zulatu beharrekoa. Baina, hemen ere tranpak hasi omen dira, duplikatutako txartelekin-eta, baina datorren urterako erremedioa ba omen du federazioak, Txantxangorriko kideen arabera.