Marciano Berrios Nikaraguako Ocotal herriko Alkateak hitzaldia eman zuen joan den asteartean Biterin, Honek GKEak, Hernaniko Kooperazio taldeak eta udalak antolatuta. 1979an, Somoza agintetik bota eta gaur arterainoko Nikaraguaren egoera aztertu zuen, eta Alkate Sandinista den aldetik, berriz ere, Sandinistek hauteskundeak irabazteko duten aukera ere azaldu zuen.
Proiektu sozial eta ekonomikoa
Somoza diktadorea agintetik bota eta proiektu sozial eta ekonomiko baten bueltan jende asko elkartu zela azpimarratu zuen Berriosek: ´Somozari, gobernu-kideei eta guardia nazionaleko goi karguei lurrak espropiatu, azpiegiturak sortu eta lurrik gabeko nekazariei eman genizkien; analfabetismoa %65etik %12,7ra jaitsi genuen 6 hilabetean, 120.000 laguntzaile mobilizatuta; jendeak goi mailako ikasketa eta karrerak egiteko erraztasunak jarri ziren, medikuntzan, nekazaritzan eta abarretan, jende preparatua behar zen eta; gaitz larri asko errotik ezabatu ziren...`. Borroka eta lorpen guzti horietan, kanpotik jasotako solidaritatea oso garrantzitsua izan zela azpimarratu zuen Berriosek eta Hernaniko jende askok lagundu zuela ere gogoratu zuen. AEBren interesak Ertamerikan horrelako egoerarik izatea, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) ezin zuten jasan Berriosen hitzetan, eta gerra bultza zutela eta Sandinisten aurkakoak babestu. Horrekin batean, enbargoa eta blokeoa bultza zuten AEBek Ocotal herriko Alkatearen hitzetan ´eta gobernua desgastatzea eta egoera asko tentsionatzea lortu zuten`. Horren ondorioz, zenbait proiektuk bere emaitzarik ez zutela eman azpimarratu zuen Berriosek eta 1984an irabazitako hauteskundeak 1990ean galdu zituztela Sandinistek eta geroztik ez dute lortu gobernura igotzea. Berriosen hitzetan, hamasei urte horietan atzera pauso haundiak izan dira Nikaraguan: ´eta gerrarik gabe, blokeorik gabe eta AEBren laguntzarekin gobernatu dute, Sandinistek izan ez zituzten baldintzetan. Orduan zer gertatzen da, nola liteke herria hain gaizki egotea?` galdetu zuen. Berriosek gogoratu zuen langabezia %30-40 ingurukoa dela Nikaraguan, pobreak geroz eta pobreago eta abera-tsak geroz eta aberatsago direla eta analfabetismoa %30era igo dela berriro.
Egoera desberdina
Aurreko hauteskundeetan ez bezala, orain egoera desberdina dela azpimarratu zuen Berriosek, eta Sandinistek irabazteko aukera haundiak dituztela: ´Gaur egun 153 alkatetzatatik 81 Sandinisten esku daude; eliza katolikoak indar haundia du han, eta orain lehen baino jarrera hobea duela ematen du; Sandinistek lortu dugu frentez kanpoko jende garrantzitsu batek ere gurekin bat egitea; eta gehiegi fidatu ezin bada ere, inkestak ere gure alde daude`.
Udaletxean harrera
Marciano Berrios Alkateak egun bat baino gehiago egin ditu Hernanin. Asteartean hitzaldia eman zuen Biterin, eta atzo harrera egin zioten Udaletxean, EA-EAJ, PSE-EE eta EB-IUko udal ordezkariek. Argazkian zinegotziak ikus daitezke Berrios berarekin.