atzo prentsaurrean egindako agerraldian Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotziak, Udalak aho batez adostutako Arau Subsidiarioen inguruko azalpenak eman zituen. Legeak dioen bezala, arauek ekipamenduetarako lur erreserbak aurreikusten dituzte. Honen inguruan zinegotziak adierazi zuen, salbuespenen bat kenduta, Udalak oraindik ez duela lur hauen erabilpena zehaztu, ´auzo bakoitzean sortzen diren beharren arabera egingo baita hori` gehitu du.
Santa Barbaran ikastetxeak eta Latsunben parkea
Salbuespenen artean dago Santa Barbaran, Alberro baserritik gora eta ezkerretara dagoen lur eremua. Lur hori ikastetxeentzako erreserbatu dute: herriko ikastetxeek tokiz aldatu eta haunditzeko beharra balute. Elkano kaleko Urumea ikastola edo EPO jarri zituen adibide gisa. Beste salbuespena da Latsunbe auzorako aurreikusten den parkea, herriko haundiena izango dena. Parke hori ur parke aurrean dagoen basoan kokatuko litzateke. Udalbatzak behin behineko onarpena eman die Arau Subsidiarioei eta orain Diputazioak eman behar die behin betiko onarpena.
Auzoen arteko komunikazioa
Iñaki Arratibelek azaldutakoaren arabera, Arau Subsidiarioek auzoen artean komunikazio sarea sortzea aurreikusten dute: ´egungo egoerak derrigortzen gaitu auzo batetik bestera joateko errepide sistema orokorra erabiltzera eta egin dugun planteamenduarekin auzo arteko sare bat eraikiko da eta horrek komunikazioa asko arinduko du`. Bide horretan honakoak proposatzen dira: -Axalako sarrera kendu eta Alberro parean errotonda eraikitzea, Txantxillatik Urumea ikastolara aterako litzatekeen bide berri batekin. -Sorgintxulon sartzeko errepide nagusian errotonda bat egitea. -Galarretan eraikiko den etxebizitza gunea Villas eta herriko iparraldeko auzoekin lotzea, Sorgintxuloko sarrera gainean dagoen zubi zaharra kotxeak erabiltzeko moduan jarrita. -Karretera generaletik zuzenean Elizatxora doan sarrera egitea, Portutik pasa beharrik izan gabe. -Karabel eta Elizatxo Porturekin eta hirigunearekin lotzen dituen trenbide azpiko zubia zabaltzea.