SAN markos mankomunitateak berrerabiltzeko basoen inguruan martxan jarri duen kanpaina aurkeztu zuen atzo prentsaurrean. Mankomunitateak plastikozko 165.000 edalontzi erosi ditu: 380 ml-ko 150.000 edalontzi eta 1.000 ml-ko 15.000 edalontzi. Edalontzi hauek San Markos mankomunitateko udaletxe, ikastetxe, enpresa eta bestelako elkarteek erabili ahal izango dituzte. Aurreneko proba joan den asteburuan egin zuten Oiartzunen, Kilometrotan, eta oso balorazio positiboa egin du San Markosek: ´100.000 pertsona inguruko jaialdian egin dugu proba, sekulako erronka. Eta oso balorazio positiboa egin dugu. Oraindik ez dugu aurten bildutako zabor kopurua iazkoarekin konparatu, baina itxura batean, festako gunea askoz ere garbiago zegoen`.
Funtzionamendua
Oraindik erabat finkatu gabe badago ere, baso hauek jaietan erabili ahal izateko protokoloa ezarri du San Markosek: -Interesa duen elkartea San Markosekin harremanetan jarri eta beharrezko baso kopurua eskatuko luke. -Elkarteak fidantza jarri beharko du: edalontziko 0,10 euro. -Elkarteak antolatzen duen jaialdian erabiltzaileei euro bana eskatuko die basoa eskuratzeko. Eta bueltatzen badu euro hori itzuliko zaio. -Elkarteak mankomunitateari basoak itzultzen dizkionean, basoak falta badira edota puskatuta badaude, euro bat deskontatuko zaio fidantzatik. -Elkartearen kontu joango litzateke: garraioa eta basoen garbiketa industrialak dakarren kostua. San Markosek antola dezake garraioa, elkarteak ordainduta. -Falta diren basoak eta gainerako gastuak fidantzarekin kubritzen ez badira, elkarteak falta dena gehitu beharko du.
Zaborra sortzea saihestu
Kanpaina honen helburu nagusia zaborra sortzea saihestea da eta kontzientzia hori sortzea jende ugari biltzen den jaialdietan. Baso hauek erabiltzeko eskaria egin dute: Pasaiako San Fermin Txikietan, Nafarroa Oinezen eta Errenteriako 3garren landa festan. Informazio gehiago: www.gipuzkoa.net/san-marcos
Zer gertatuko da zabortegia ixtean?
uRTE honen bukaeran San Markos mankomunitateko zabortegia itxi egingo dela-eta, galdera bat dago denon buruan: zer egingo da zaborrarekin?
San Markoseko gerenteak, Iñaki Castillok azaldutakoaren arabera, erraustegia eraiki bitartean zaborrak beste mankomunitateetako zabortegietara eramango lirateke, posible balitz Gipuzkoako mankomunitate batera: Urola Kosta (Zarauzko zabortegia), Sasieta (Beasaingo zabortegia) edo Urola Erdia (Azpeitiako zabortegia). Zein zabortegitara eramango den erabaki politikoen menpe dagoela ere azaldu zuen.
San Markoseko zabortegi ondoan zaborra konprimitu eta kontainerretan sartzeko estazio bat eraikiko litzateke. Mankomunitateko zaborrak bertan tratatu eta kamioietan erabakitako mankomunitatera eramango lirateke.
Zaborraren tasa garestitu egingo da ondorioz: zaborra tratatzeko planta berria, garraioa eta beste mankomunitateek zaborra jasotzeagatik kobratuko duten tasa direla eta.
Hala ere, baliteke zaborra tratatzeko estazioa zabortegia itxi baino hilabete batzuk beranduago eraikitzen bukatzea; beraz, bitartean, zaborra zuzenean eramango litzateke beste mankomunitateetara.