IKUSKIZUN polita izango da igandean Landaren, Ohorezko B mailan dagoen Hernaniko aurreneko taldeak liga hasiko baitu. Aurrez aurre CR Valencia taldea izango dute, hernaniarrentzat talde ezezaguna dena. Hernaniarrak dena ematera aterako dira jarritako helburua betetzeko asmoarekin: etxean jokatutako partidu guztiak irabaztea. Partidua eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Jubeniletatik igotako 3 jokalari eta 2 jokalari berri
Taldeko aurreneko entrenatzailea den Joxe Elosegik azaldutakoaren arabera, taldea joan den denboraldikoaren antzekoa da: ´taldea berdintsua da nahiz eta inkorporazio batzuk izan ditugun: iparraldeko 2 jokalari eta jubeniletatik igotako beste 3 jokalari`. Jokalariz nahiko justu ere badabiltzala azaldu du entrenatzaileak: ´partiduetarako 23 jokalari deitzen dira eta gure taldetik 18 bat joaten dira normalean. Kopuru nahiko justua da horrelako mailari eusteko`. Jokalariak ondo ikusten dituela ere aipatu du: ´jokalariak ondo ikusten ditut, bai fisikoki eta baita gogoz ere`.
Promozioa jokatzeko asmoa
Aurtengo denboraldiko helburuengatik galdetuta, entrenatzaileak dio promozioa jokatzea dela asmoa: ´Aurreneko mailara igotzeko promozioa jokatzea da helburua, ez dakit beteko dugun, baina taldeak badu horretarako ahalmena. Iaz 4garren geratu ginen, postu hobea lortzeko aukera izan genuen, baina irabaztekoak ziren partidu batzuk galdu egin genituen`.
Aurredenboraldia eta liga
Hernanik aurrendenboraldiko 2 partidu jokatu ditu. Aurrenekoa lehenengo mailan dagoen Valladolideko El Salvadorren kontra eta 17 eta 5 galdu arren, txukun jokatu eta gustora gelditu zirela aipatu du Joxe Elosegik. Jokatutako bigarren partidua, Getxoren aurka, bukatu aurretik geldiarazi zuen arbitroak. Elosegik dio ez dutela izan taldea neurtzeko aukerarik eta igandekoa alde horretatik ere sorpresa izango dela aipatu du. Ligari erreparatuta, nahiko egutegi aldrebesa egokitu zaiela azaldu du entrenatzaileak. Gehienez ere 3 partidu izango baitituzte jarraian. Bigarren partidua Vigoren kontra jokatuko dute, iaz bigarren geratu zen taldearen kontra.
Aurreneko
taldeko jokalariak
Iñaki Illarramendi, Asier Insauti, Mikel Orbegozo, Gorka Sarasola, Eneritz Zabaleta, Jon Apaolaza, Ugaitz Otaño, Javier Seco, Aritz Mitxelena, Arkaitz Otegi, Francisco Javier Pernas, Urko Arruabarrena, Aritz Illarramendi, Arkaitz Otaño, Jon Otxotorena, David Pelaz, Txema Sanchez, Iraitz Garmendia, Ramuntxo Labat, Gorka Eizmendi, Manex Casado, Aitzol Larrañaga, Jon Ander Mendizuri, Eneko Mitxelena, Ruben Paredes, Iñaki Yarza, Urtzi Garcia eta Arkaitz Ruiz de Garibay.
Hernani Bk galdu, Getxoren kontra
HERNANIKO bigarren taldeak, Euskal Ligan dabilenak , atzo hasi zuen liga, Getxoren kontra jokatutako partiduan. Ez zuten zorte haundirik izan eta 13 eta 24 galdu zuten.
Partidu hasieran aurretik izan baziren ere, bigarren zatian getxotarrak izan ziren nagusi. Izan ere, zenbait lesio medio aldaketak egin behar izan zituzten hernaniarrek eta horrek taldearen maila zertxobait jeitsi zuen.
Aurten senior mailara igotako jokalariek partiduan parte hartzeko aukera izan zuten eta talde berriari neurria hartzeko aukera izan zuten.