Wukroko umezurtzei laguntzeko kanpaina bukatu berri da Hernanin eta balorazio oso ona egin dute, antolatzaile taldeak berak eta Angel Olaran Wukron bizi den misiolari hernaniarrak. Kanpainaren helburu nagusia dirua biltzea bada ere, solidaritatea eta hartu emanek ere garrantzia berezia dute eta izandako giroa eta jendearen jarrera azpimarratu dituzte. Diruari dagokionean, 15.150 euro atera dira kanpainan zehar, eta aparteko donazio gehiago ere izan dituzte.
Bazkaria, ekitaldi nagusia
Bazkaria izan da ekitaldi nagusiena eta bertan 305 lagun elkartu dira Atsegindegin. Antolatzaileen hitzetan, giro oso ona izan zuten bazkaritan ´pentsaera eta sektore desberdinetako jendeak egin zuen bat bazkaritan, eta ez da hain erraza izaten hori. Wukrorekin elkartasunak bat egin zituen guztiak`. Bazkaria ez da diru gehien ematen duen ekitaldia, baina solidarizatzeko balio du, jendea Wukroren bueltan elkartu eta sentsibilizatzeko. Zelaia sagardotegiaren, Oialume tabernaren eta Hernaniko tabernarien laguntza eskertu nahi izan dute.
Ekitaldi ugari
Kilometro solidarioan neska mutil askok parte hartu zutela ere nabarmendu dute antolatzaileek (Atletismo taldearen laguntza azpimarratu dute), 500 kamisetatik gora ere saldu dira, urtean zehar eltze-itsuetan 2.900 euro atera dituzte eta abar luze bat. Guztira 15.150 euro lortu dira, eta jende asko mobilizatu.
Altzariak, aitzurrak eta ur bonba
Zenbait donazio ere izan dituzte kanpainan zehar eta horiek ere eskertu nahi izan dituzte: Orbegozo Funerariako Juanita Esnal Angel Olaranen izebaren izenean 1.200 aitzur eta Carlos Herrandorenak ur bonba bat. Donazio hauek Bartzelonan daude Wulkrora eramateko. Horrez gain, Keunka enpresak altzari batzuk eman dizkie, saldu eta dirua ateratzeko. Enpresen laguntza Atzo azaldutakoaren arabera, kanpainan herriko enpresetako dirua ere lortu dute, eta herritarrek berek ere eman dute dirua. Oraindik aportaziorik egin ez eta prest dagoenek aukera badu: Kutxan: 2101 0041 08 00 10282606.
«Jendeak ‘kariño’ eta gogo izugarria jarri ditu, eta horrek balio haundiagoa ematen dio»
Angel Olaran esker oneko azaldu zen atzo prentsaurrean, Wukrotik etorrita Hernanin baita egunotan. Lanean etengabe 6 bat lagun eta laguntzen jende asko ibili dela azpimarratu zuen eta jende guzti honek jarri duen kariño eta gogoa nabarmendu zituen. ´Dirua bildu arren, ikusiko bagenu jendea behartuta ari dela lanean ez ginateke gustora ibiliko, baina hemen ikusitako ilusioa, lana eta entregak balore haundia ematen diote ateratako diruari. Askotan, gainera jende hau da ilusiorik gehien erakusten duena eta hori transmititu egiten da Wukrora bueltatzean`. Horrez gain, elkartasun taldeko kideek nabarmendu zuten, laguntza zuzena izatearen garrantzia: ´jendeak badaki bitartekari gabe Olaranen bidez zuzenean iristen dela ematen duten laguntza Wukrora eta horrek garrantzia haundia du`. Herritar, denda, taberna, enpresa eta abarrek izandako jarrera eskertu nahi izan dute.