Nikaraguari buruzko dokumental eta hitzaldia bihar, Marciano Berrios Ocotaleko Alkatearen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 9a, 03:00

Iraultza Sandinista eta gaur eguneko egoera politikoa izango dira aztertuko dituzten gai nagusiak. Arratsaldeko 19:30ean izango da Biterin.

Nikaraguari buruzko dokumental emanaldia eta hitzaldia izango dira bihar, asteartea, Biterin, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Dokumentala iraultza Sandinistari buruzkoa izango da. Ondorenean, hitzaldia emango du Nikaraguako Ocotaleko Alkate den Marciano Berriosek. Berriosek Nikaraguako egoera politikoari buruzko bere ikuspuntua emango du, aurrerako erronkak azaltzearekin batean. Jardunaldi hauek Hernaniko Kooperazio taldeak eta Hernaniko Udalak antolatu dituzte, HONEK GKEarekin elkarlanean.

Sentsiblizazio kanpaina
Udalak garapen bidean dauden herrialdeetan gauzatzeko proiektuetarako diru laguntzak ematen dizkie GKEei (ONG), Kooperazio Taldearen gomendioarekin. GKE hauek herrian sentsiblizazio eta informazio jardunaldiak antolatzeko konpromezua hartu dute, biharkoa kasu. Bide horretan, udaleko Gobernu Batzarrak lehengo ostegunean onartu berri ditu garapen bidean dauden herrietan gauzatzeko lagunduko dituen proiektuak: bederatzi proiektu lagunduko ditu diruz, 166.972,18 euroko laguntzarekin. Horrez gain, 17.688,51 euro emango dizkie erakunde hauei herrian sentsiblizazio kanpainak gauzatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!