Jubenilek galdu egin zuten atzo, baina Danok Bat ondo prestatutako taldea dela argi geratu zen. Hori bigarren golean antzeman zen batik bat, baloiak sareetan bukatu baino lehen, hamar bat pase eman baitzituzten bizkaitarrek. Partidua, hala ere, lehen hogei minutuetan erabaki zen, 2-0 galtzen hasi baitziren etxekoak. Taldeak bigarren zatiaren hasieran, erreakzio txiki bat izan zuen, baina kanpotarrek baloia ondo menperatzen zuten eta ondorioz, baita partiduaren erritmoa ere. Aukeraren bat edo beste izan zuten aldea murrizteko, baina gola sartu ez eta jaso egin zuten Aitzol Arruarte atezainak egindako penalti batean. Atezainak ez zuen inongo errurik izan, baina hirugarren golak etsita utzi zituen hernaniarrak eta amore eman behar izan zuten.
Gorengo mailan garaipen haundia Ordizian
Gorengo mailako taldeak meritu haundiko garaipena lortu zuen atzo Ordizian, 1-2. Bigarren zatiko 10garren minutuan Ordiziak hartu zuen aurrea 1-0, baina hernaniarrek ez zuten amor eman eta 1-1ekoa sartu zuen 43garren minutuan Joseba Portillok. Deskontuko minutuetan, bigarren zatiko 48garrenean, sartu zuen Hodei Perezek garaipenaren gola. Hernanik moral haundia emango dion garaipena lortu zuen atzo, liderraren kontra galtzen jarrita ere jarrera ausarta erakutsi baitzuen eta edonori min egiteko moduko taldea daukala. Orain, etxeko partiduak irabaztea falta zaio Hernaniri, etxetik kanpoko puntu guztiak lortu baditu ere Zubipetik alde egin baitute gehienek. Datorren asteburuan Aurrera Ondarroa taldea izango du aurrean.
Amara Berriri irabaztera
Emakumezko Ligan, gaur jokatuko du Hernanik Martutenen 11:30etan, Amara Berri taldearen aurka. Partidu zaila dute zuriberdeek, baina azken partiduetan gora dijoaz. yy