Zer sentsazio duzu gaur egun duela hogei urte izandako banaketa hartaz?
Niri iruditzen zait orokorrean gauzak nahiko txukun egin genituela, Lasarterekin izandako negoziaketetan. Egia da momentu batean giroa pixka bat nahastu zela, batez ere Lasarteko hilerriaren kontuarekin. Inguruko batzuk ez zeuden ados hartutako erabakiarekin eta pare bat plenotan eztabaida sortu zen. Hilerria azkenean egin zen... Bai, baina uste dut kontu hura nolabait soluzionatu zela, Europako hilerri modeloak begiratzen aritu ginen eta hilerria ahalik eta disimulatuen geratu zedin saiatu ginen. Dena den, lur eta pertsonal asko utzi genion Lasarteri, eta gainerakoan ez zen horrelako arazorik izan, horregatik ni gustora nago egin genuen lanarekin.
Eta herritarrek nola bizi izan zuten garai hori? Zein zen ordurako lasartearrek eta hernaniarrek zuten harremana?
Ordurako Lasarte beste herri bat bezala kontsideratzen zen herritarren artean eta desanexioa gauza normal bat bezala ikusi genuen. Hernaniarrek ez zuten parte hartu prozesu horretan, hori lasartearrei zegokien, logikoena hori zen behintzat. Nik uste dut hernaniarrentzat Lasarte-Oriaren sorrera ez zela ez txarrerako eta ezta onerako ere izan, dena ahalik eta modu zuzenean partitu genuen.