LASARTEREN izena Erdi Aroko dokumentuetan ageri da ordurako, Santiago Bideari lotua (abizena Lasarte Goikoa baserriko leinuari esker zabaldu zela diote adituek). Izan ere, Hernani eta Lasarteren arteko lotura aspaldikoa da eta badira mende batzuk artxibo eta kroniketan bi herrien arteko adiskidantza eta borroken berri azaltzen dena.
Adiskidantza baino borroka gehiago
Lasarte Hernaniko auzotzat hartu izan zen Erdi Arotik, baina badirudi auzo berezia zela, partikularra. Adibide bat jartzearren: Lasartek bazuen bere parrokia propioa (San Pedro eliza, Sasoeta etxeko lurretan egin zen 1573an) eta hain zuzen, horrexegatik lasartearrek ezin zuten Hernaniko San Joan parrokiako kargurik hartu, hau da, ezin zuten parrokiako onuretaz aprobetxatu, Hernaniko ´seme natural` ez omen zirelako. Bi herrien arteko liskarren berri jakiteko, XVIIgarren mende bukaerako gertaera bati egingo diogu kasu. 1683an Hernaniko alkatea ´iraindu` zuten hainbat lasartearrek. Antza denez, Hernaniko alkatea 60 lagun ingururekin Lasartera joan zen, Miguel Carlos Okendo izeneko jauna harrapatzeko asmoz (Okendotarrak Donostia eta Lasarteko leinu garrantzitsu bat ziren). Badirudi Okendo jaunak festa batzuk antolatu nahi zituela Lasarten, baina horretarako ez zuen Hernaniko udalaren baimenik izan. Gauzak horrela, Hernaniko alkatea Lasarten azaldu zenean ez zioten kasurik egin, are gehiago, festetarako prestaturik zeuden taulatu eta oholak hartu eta Urnietako jurisdikziora pasatu zituzten indarrez. Horrek auzi luze bat ekarri zuen ondoren, baina guzti horren atzean, konpetentzia arazo bat zegoela garbi ikus daiteke.
1736: toki entitate-txikia eta kontzeju etxea
Konpetentzia arazoei baino, arazo praktikoei aurre egiteko, Lasarte toki entitate-txiki (pedania) izendatu zuten 1736an eta bi auzo-alkatek hartu zuten aginte makila, bata Hernaniko zatirako, bestea Urnietakorako. Auzo-alkate hauek ez zuten diru kontuetan inolako eskumenik, bai ordea gaizkileak harrapatzeko ahalmena. Hain zuzen, hura zen herri-entitate txikia sortzeko arrazoietako bat, gaizkileak Lasarten harrapatu eta Hernaniko kalabozora bidean, hauek ihes egiten omen zutela. Hori gerta ez zedin, kontzeju etxe bat eraiki zuten San Pedro eliza aurrean ( gaurko udaletxea) eta kontzeju etxe horretan kartzela, alondegia eta beste zenbait egoitza jarri zituzten. Dena den, auzo-alkateek bazituzten betebehar eta eskumen gehiago, adibidez: jaiak antolatzeko ardura, mezetan toki nabarmena... Askotan egoera zailak bizi behar izan zituzten, batez ere, eskumena bai, baina horretarako diru edo baliabiderik ez zutelako.