Askapena: «elkartasun internazionalista joan eta etorriko bidaia da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 8a, 03:00

Euskal Herriko gatazka politikoaren berri eman dute Askapenako brigadistek udara honetako brigadean, eta beste herrialdeetatik ere ´zer ikasia badaukagula` aipatu zuten. Hamaika bizipen eta anekdota ere kontatu zituzten atzo, Biterin.

askapenako udarako brigadistak elkartu ziren atzo Biteri Kultur etxean, beraien esperientziaren berri emateko. Berrogeita hamar bat lagun bildu ziren eta beraien esanetan, inperialismoaren aurkako borrokak elkartzen ditu munduko hainbat herrialde eta Euskal Herria. Herri horietako batzuk bisitatu dituzte aurten ere, bertako gatazkak ezagutu eta Euskal Herriko gatazka ezagutuarazteko: Palestina, Venezuela, Kolonbia, Panama, Argentina, Uruguay, Chiapas, Oaxaca, Mexiko DF, Kuba, Wall Mapu (Maputxeak), Kuna -Yala... Herri hauei guztiei eskerrak emanaz hasi zuten prentsaurrekoa, harrera oso ona izan baitzuten guztietan. Brigada bakoitzak bere es-perientziaren berri eman zuen ondoren eta Askapenaren helburuak nola bete zituzten azaldu, elkartasun internazionalista nola landu zuten, alegia.

Autokritika
Brigada askok Latinoame-rikako herrialdeek Euskal He-rriko gatazkari buruz zuten ezagutza maila altua nabarmendu zuten. Uruguayn adibidez, bi pertsona hil ziren orain 12 urte, Euskal Herriari elkartasuna adieraztegatik eta hemen, udaran, beraiei laguntzeagatik zer egiten den galdetzean, musugorrituta gelditzen zirela aitortu zuten, Uruguayren alde egin den gauzarik handiena Bilboko Aste Nagusian berrogeita hamar bat lagun pankarta baten atzean jartzea izan baita. Boliviara joan zen brigadak ere, bertakoen kontzientzia politikoa azpimarratu zuen, baina pazientziarekin hartu beharreko uneak ere ba omen dira: ´bi orduz, boliviar bati Euskal Herriaren arazo geografikoa azaldu ondoren, elkarri hala azaltzen zioten: estos son nuestros amigos los vascos, de España`. Komunikabideek ere arreta berezia eskaini diete euskal herritarrei, baina kontu handiz ibili behar izaten zuten zer eta nola esan. Kolonbiara joan zirenek hango egoera gogorra azaldu zuten atzo: ´antzerki talde batek diktadurari aurre egiten badio, objetibo bihurtzen da eta objetibo diogunean da talde paramilitar batek hilko dituela`. Bizipen eta anekdota guzti horien artean, Askapenaren ´konpromezu antiinperialista` zabaldu dute eta bide beretik jarraitzeko asmoa dute ´herrien elkartasuna bultzatuz`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!