Lasarte: Hernaniko auzotik, Gipuzkoako udalerrira

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 8a, 03:00

Lasarte-OriA sortu zela hogei urte igaro dira aurten, baina urteurren hori ia oharkabean pasa da hernaniar askorentzat. Hala ere, gertaera garrantzitsua izan zen hura gure herriarentzat. XXgarren mendeko bigarren erdialdean, industriaren lan eskariari erantzunez, milaka langile etorri ziren Extremadura, Andaluzia eta Galizatik. Lasarten industria sendo finkatua zegoen lehenagotik ere, baina urte haietan inoiz baino gehiago hazi zen herria (1940an 1.823 lagun bizi ziren eta 1986an berriz, 18.589). Hazkunde ikaragarriak aldaketa ugari ekarri zituen. Ez bakarrik Oria bazterreko herri horretara, baita Urnieta eta Hernanira ere (gaur egungo Lasarte, Urnieta eta Hernaniko jurisdikziopean zegoen 1986 urtea baino lehen).

Diktadura amaituta
Udalerri bat osatzeko Bizilagunen lehenengo eskaerak 1975an hasi ziren. Egoera ekonomiko eta politikoak bultzatuta, Lasarteko hainbat eragilek batzorde bat osatu zuten eta hainbat ekimen eraman zituzten aurrera munizipalitatea lortzeko helburuarekin: firma bilketak, ikerketa bat... 1979an, Franco hil osteko lehenengo udal hauteskundeak egin ziren eta horien ostean behin behineko udal bat eratu zen Lasarten, PSOE, HB, EAJ eta EEko zinegotziekin. Dena den, Lasarte udalerri bihurtzea posible zela sinestarazteko lehenengo zantzua 1980an ikusi zen. Urte horretan ikerketa bat enkargatu zuen Diputazioak eta hortik bi urte eskasera adostu zuen Lasarteko udalerria lehenbailehen sortzeko neurriak hartzen hastea.

Negoziatzeko ordua
Jakina, udalerria sortu ahal izateko, beharrezkoak ziren ondoko herrien lurrak bereganatzea. Baina lurrak bakarrik ez, presupuestoa, aprobetxamenduak, zerbitzuak... horien guztien negoziaketek luze jo zuten. Bilera ugari izan ziren Lasarteko behin-behineko udal batzordea, Diputazioa eta munizipalitate prozesuak eragina izan zuen gainerako udalerrien artean. Hasieran, negoziazioa Urnieta, Hernani, Andoain, Donostia eta Usurbilekin egin zen. Baina azkeneko biek ez zuten aurrera jarraitu, eta horrek eztabaida bizia sortu zuen Lasarteko talde politiko ezberdinen artean. Azken finean, herri inguruko lur eta ustiapen eskubide mordoak Donostia eta Usurbilen eskuetan jarraituko baitzuen (hipodromoa eta Michelin enpresako zati bat, horien artean). Lasarte sortzeko zati handiena Hernanik eman zuen, 10.000 lagun Hernaniko erroldatik Lasarte-Oriakora pasa baitziren (Urnietako erroldatik aldiz 8.000 lagun, erroldaren bi heren, eta Andoaingotik 32 pertsona soilik). Horretaz gain, Hernaniko udalak bere langileen zati bat utzi zion Lasarteri, baina ez dirudi horrek Hernaniko zerbitzu publikoetan kalterik eragin zuenik, alderantziz, ordu arte dispertsaturik zeuden zenbait zerbitzu hobetzeko aukera izan zuen udalak operazio horren bidez. Dena den, presupuesto eta diru kontuak izan ziren negoziazioaren hezur gogorrena, eta horretan tinko eutsi zion bakoitzak bereari. Azkenean, adostasun batera iritsi eta gero, Hernaniko udal plenoak Lasarteko auzoa udalerri bilakatzea onartu zuen 1985eko azaroan.

1985eko erreferenduma
Azkenerako, udal batzordeak erreferenduma antolatu zuen eta lasartearren esku utzi zuen desanexioarekin aurrera jarraitzeko edo atzera egiteko erabakia. PSOE, EE eta EAJ alde agertu ziren, HBk aldiz abstentziora jo zuen: ezker abertzaleko koalizioaren ustetan, lokarri asko geratzen ziren lotu gabe eta ez zen etorkizunerako udalerri batentzat oinarri sendorik jarri. Aldiz, gainerako alderdien ustez, baiezkoa ematea aurrerapauso bat zen, baina erreferendumaren ostean negoziaketekin jarraitzeko asmoa agertu zuten, arik eta Donostia eta Usurbildik Lasarteri zegozkion lurrak lortu arte. 1985eko martxoaren 3an egin zen errefereduma eta baiezkoak irabazi zuen, 4.750 botorekin (48 lagunek bakarrik eman zuten ezezkoa). Hala ere, abstentzioa oso handia izan zen galdeketa horretan, herritarren %62 ez baitzen bozkatzera joan.

Otsailak 15, bandera jasotzea
Diputazioak 1986ko otsailean baieztatu zuen lasartearrek hautestontzietan erabaki zutena. Horrela, otsailaren 15ean, Ana Urtxuegia alkate izendatu zuten eta ordu ezkeroztik kargu horretan egon da. Udalerri berriaren jaiotza ospatzeko egun osoko festa izan zen eta eguerdian herriko bandera jaso zuten lehen aldiz Lasarte-Orian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!