Gorengo taldeak partidu zaila du gaur Ordizian, orain arteko liderraren etxean. Ordiziak jokatutako lau partiduetatik hiru irabazi eta bat berdindu du eta hirugarren mailarako borrokan kontrario gogorra izango dela erakutsi du. Hernanik ere ez du liga hasiera txarra egin, eta Zubipetik puntu gehienek alde egin badute ere, kanpoko bi partiduak erraz irabazi dituzte hernaniarrek. Gaurko partiduak asko balio lezake animikoki, puntu batek Hernani leku onean utziko bailuke eta irabaztea lortuz gero, Ordizia adina punturekin jarriko bailirateke. Galtzen badute, ordea, Ordizia zuloa irekitzen hasiko litzateke beste faboritoekiko.
Etxetik kanpo ondo
Etxeko bi partiduetan Hernanik zailtasunak izan ditu bere jokoa egiteko. Bai Martutene eta bai Hondarribia atzean itxi zaizkio eta zirrikiturik bilatu ezinda ibili dira zuriberdeak. Gaur, ordea, Ordiziak eraman beharko du partiduaren pisua eta Hernanik zuku gehiago ateratzeko modua izan lezake, liderrari ondo eusten asmatzen badu. Etxetik kanporako bi partiduetan ondo baliatu du Hernanik hori orain artean, eta gol asko sartzeko gauza izan da.
Hasieraren garrantzia
Hernani laugarren dijoa momentuan, baina liga hasiera honetan talde guztiak puntu gutxiren barruan daude. Lehen partidu hauek erakutsiko dute talde bakoitza non ibili litekeen denboraldian zehar, eta garrantzi haundia du lehen postu horiek ez galtzeak, denboraldia luzea izango den arren.
Emakumezkoen liga
Amara Berriri hortzak erakustera bihar
Emakumezkoen ligan Martutenen jokatuko du Hernanik bihar, goizeko 11:30etatik aurrera. Amara Berri taldeak ondo ekin dio denboraldiari eta hernaniarrek ez dute xamurra izango beren zelaitik punturen bat ekartzea. Hernaniarrek lehen bi partiduak galdu zituzten, baina azken bi partiduetan lau puntu lortu dituzte, Usurbilen erraz irabazi eta Zubipen Añorgarekin berdinduta eta bihar gorako bide horri jarraipena emateko aukera paregabea dute, Martutenen. Amara Berri laugarren dijoa sailkapenean, 7 punturekin eta Hernani seigarren 4 punturekin. Biharko partiduak bi taldeak pareka litzake, beraz. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!