ernanik trainerua uretara aterako du aurten, lau urtean lehorrean egon ondoren. Iaz, batel eta trainerilak atera zituen Hernanik eta arraunlariak Trintxerpe, Hondarribia eta Ur-Kirolaken aritu ziren traineruan, Hernanin ateratzeko adina jende elkartu ez zelako. Iazkoa hasiera izan zen, eta trainerua aterata, proiektua sendotu nahi du arraun elkarteak aurten. Oraingoz, 15 arraunlari badaude denboraldia hasteko pronto eta beste 5 bat behar dituzte denboraldiari arazorik gabe aurre egin ahal izateko. Baina, arraunlaria izan beharrik ez dago, arraunean aritzeko gogoa duen guztiari egin dio dei arraun taldeak. Entrenatzaile lanetan, Xabier Zabalak jarraituko du eta delegatu lanetan Hernaniko arraunari beti lotua izan den Batis Larburuk. Horrez gain, Juanjo
Etxarte eta Javier Rol ariko dira talde teknikoan, Xabier Zapiain administrazio lanean eta Aiert Larrartek eramango du eskola kiroleko arloa.
Garantiako taldea
Iaz batel eta trainerilatan Hernanin ibili eta traineruan Trintxerpe, Hondarribia eta Ur Kirolak bezalako taldeetan zaildutako jendea du Hernanik aurtengo proiektuaren oinarri. Denboraldia txukun gauzatzeko garantiak ematen dituen taldea du beraz. Arraunean orain hasi nahi dutenek ere izango dute tokia hala ere, jendea falta baita batetik eta arrauna herrira zabaltzeko helburua ere bai baitu taldeak. Hernanik ARC ligako bigarren mailan hasi beharko du aurten, eta liga ekainean hasiko da. Aurretik, ordea, batel eta trainerila konpetizioa izango dute, otsaila eta apirilean. Entrenamenduak berriz, azaroaren 6an hasiko dira.
Neska, mutil,
gazte eta nagusi
Oraingoz osatu samartuta dagoen taldea mutilen nagusi mailakoa da, baina Hernanik ez dizkie ateak itxi beste taldeei ere. Dei egiten die arraunean parte hartu nahi duten neska-mutil guztiei eta elkartzen den kopuruaren arabera ikusiko da beste taldeak ateratzeko adina jende badagoen edo ez. Infantilak 1993 eta 1994an jaioak dira; kadeteak 1991 eta 1992an jaiotakoak; eta jubenilak 1989 eta 1990ean jaiotakoak. Hortik aurrerakoak berriz nagusi mailatakoak (nesketan, jubenil-nagusi arteko maila berezi bat ere bada). Batela atera ahal izateko bost kide behar dira: lau arraunlari eta patroia. Horiek osatzea izango da beste taldeak ateratzeko beharrezko kopurua, baina arraun taldea ahalegina egiteko prest dago, harrobia ere landu nahi baitu aurrera begirako zutabeak jartzeko. Horrez gain, eskola kirolean ere egingo dute arraun Hernaniko gaztetxoek, zaletasuna sortze aldera.
Dirua, betiko borroka
Arraun talde bat mantentzea ez dira lau xoxa, eta Hernanik horretan ere ahalegin haundia egin beharko du. Arduradunek Kronikari esan diotenez, iaz lagundu zuten enpresen aldetik jarrera ona jaso dute aurten ere eta oinarrizko gastuak kubrituko dituzte horrekin, gutxi gora behera. Hortik aurrera ateratzea lortzen dutena inbertsioetarako erabiliko dute, premia haundia dago eta: arraunak berritu, gimnasioa egokitu, furgonetaren arazoa konpondu eta abar luze bat. Lortzen duten diru kopuruaren araberako inbertsioak egingo dituzte, Kronikari esandakoaren arabera, eta horretarako bazkideak egiten eta komertzio txikiekin lan egiten saiatuko dira. Errifa, loteria eta bestelakoak ere erabiliko dituzte dirua ateratzeko, denboraldi luzean guztien beharra izango dute eta.
Bilera urriaren 16an
Denboraldia planifikatu eta jendearekin hitz egiteko bilera urriaren 16an izango da, datorren astelehena zortzi, arratsaldeko 20:00etan, Arraun pabiloian (Ibarluze poligonoan). Adin eta maila guztietako interesatuentzat dago deitua bilera eta bertan hitz egingo dute eman beharreko pausoetaz eta jendearen asmo eta helburuez. Azaldu ezin duenak edo informazio gehiago nahi duenak ondorengo telefonora hots egin lezake: 687 90 95 12 (arratsaldez deitu). yy