Joan den asteazkenean Lurzoru Lege berriari buruzko hitzaldia izan zen Biterin, EB-Berdeak alderdiak antolatuta. Javier Buron, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Departamentuko Planifikazio Zuzendariak eman zituen azalpenak, Ricardo Ortega Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Gipuzkoako Delegatuarekin batean. Lege berriak lortu nahi diten helburu nagusien artean azpimarratu zituen:
- Babes ofizialeko etxebizitza politika bultzatzea.
- Ordenazio gestioa erraztea.
- Jasangarritasuna bultzatzea.
- Herritarren parte hartzea eta transparentzia bultzatzea.
Babes ofizialeko etxe
kopuruak gora
Urbanizazio berrietan babes ofizialeko etxe kopuruak gora egingo du, lege berriarekin. Hemendik aurrera lur urbanizagarrietan (urbanizazio berriak egiten diren lurzoru gehienak), etxeen %75 babestuak izango dira. Lur urbanoetan berriz (gaur egun eraikita dagoen lekuetan) egiten diren etxeen %40k beharko dute babestuak. Hiru motatako etxe babestuak aurrikusten ditu legeak nagusiki:
1) Jabetzako etxeak: orain arte egin izan diren modukoak. Tokatzen zaionak etxeak balio duena ordaintzen du, gutxi gora behera.
2) Alokairuzkoak: Orain artean oso etxe gutxi izan dira babes ofizialeko alokairuzkoak, baina, Eusko Jaurlaritzak geroz eta gehiago izatea nahi du, beharrik gehien duen jendeari zuzentzeko, gazteei eta adinekoei gehienbat. Jendeak irabazten duenaren araberako alkilerra ordaintzen du.
3) Etxebizitza tasatuak: Babes ofizialeko etxeetan sartzeko baldintzen gainetik dabilen, baina etxebizitza libreak erosteko baldintza nahikorik ez duen jendeari zuzenduak. Babes ofizialeko etxeak balio lezakeena baino %70 gehiago balio lezake gehienera. Adibide moduan: babes ofizialeko 90 metroko etxe batek, garaje eta trasteroarekin 121.000 euro balio litzake. Etxe berak, tasatua bada, 205.700 euro balio litzake. Etxe hauekin, gaur egun dagoen eskari bat betetzeaz gain, dirua ere atera litekeela azpimarratu zuen Buronek, etxeak kostatzen direna baino %70 garestiago saldu bailitezke.
Gestioa erraztu, udalen
eskumena haundituta
Buronen hitzetan legeak bultzatzen duen beste helburu bat da gestioa erraztea, eta horretarako gaur egun ´pasa beharreko zenbait filtro burokratiko` desagertuko dira. 7.000 biztanletik gorako herriek, alegia Hernanik, bere ordenazio planak onartu ahal izango ditu hemendik aurrera, Foru Aldundiaren onarpen beharrik gabe. Horrek esan nahi du arau subsidiario proiektua udalak berak onartu ahal izango duela hemendik aurrera, nahiz eta Hernaniko udal ordezkariek azken aurreko plenoan nabarmendu zuten, Hernaniko arau subsidiarioak lege zaharrarekin onartuko direla, lege berrira egokitzeko azpiegitura haundia sortu behar baita oraindik. Izan ere, udal bakoitza behartua egongo da zenbait talde eta organismo sortzera, ordenamenduaren eztabaida eta kontrolerako.
3.000 eta 7.000 biztanle arteko udalek berriz, plan partzialak beren kabuz onartzeko eskumena izango dute.
Jasangarritasuna eta
parte hartzea
Hitzaldian azaldutakoaren arabera, planak jasangarritasuna bermatzea bilatzen du, baina, ez jasangarritasun ekologikoa bakarrik, jasangarritasun urbanistiko, zerbitzuetakoa eta abar luze bat. Horrez gain, herritarren parte hartzea ere bilatzen duela azpimarratu zuen, nahiz eta onartu zaila dela horrelako gai teknikoak herritarren esku ulergarri jartzea. Besteak beste, udalek eskumena izango dute herri galdeketak egiteko. yy
Bizigune plana, galde erantzunetan
GALDERA eta erantzunen tarte zabala izan zen hitzaldi ondorenean eta eztabaida interesgarria sortu zen etxebizitza politikaren gainean. Entzuleetako batek Bizigune planaren gainean egin zuen galdera. Bizigune plana da etxe hutsak alkilerrera bideratzen dituena eta horretarako Jaurlaritzak bitarteko lana egiten du etxe jabe eta bezeroen artean, eta berak ordaintzen du alkilerraren zati bat. Galdetzaileak esan zuen plan honekin diru publikoa esku pribatuetan jartzen zela eta ea ez al litzatekeen hobea, ordaindu beharrean, etxe hutsak zituztenei zerga bidezko zigor haundiagoa jartzea, alkilatzera behartzeko. Buronek erantzun zion bi neurriak hartzearen aldekoa dela bera: etxe hutsak alkilatu nahi dituztenei gauzak erraztu eta alkilatu nahi ez dituztenei zergak haunditzearen aldekoa. Baina, zergen kontua Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia ez dela azpimarratu zuen, Diputazioena baizik, eta Diputazioak ez omen daude zerga bidezko zigorrak jartzearen alde. Horrez gain, gogoratu zuen, zenbait herrialdetan espropiatu ere egiten direla etxe hutsak eta zenbait kasutan neurri horren alde ere egon litekeela bera, baina gaur egun gehiengo sozialak bestela pentsatzen duela nabarmendu zuen.
Etxe hutsak alkilatzeko diru laguntzak ematea, diru publikoa ondo erabiltzea dela deritzo EB-IUko kideak ´zerbitzu publiko on eta azkar baten alde`. Jabeek merkatuko bataz bestekoa baino gutxiago irabazten dute (bataz beste 580 euro), baina segurtasuna aseguratzen dute eta bezeroek merkatuko prezioa baino askoz gutxiago ordaintzen dute (bataz beste 220 euro). Diferentzia Jaurlaritzak jartzen du.