Joseba Tapiaren ‘Real Politik’ disko berriaren aurkezpen kontzertua, bihar Andoainen

Kronika - Erredakzioa 2006ko urriaren 6a

JOSEBA Tapia soinu jole lasartearrak Real Politik disko berria kaleratu du, oraindik salgai jarri ez badute ere. Bihar izango da aurkezpen kontzertua, Andoaingo Bastero kulturunean, arratsaldeko 20:00etan. ´Doinu zahar nahiz berriak, bertakoak eta kanpokoak, jasoak eta sortuak...` eta ´bertso zaharrak eta letra berriak` biltzen ditu diskoak. Joseba Tapia soinu jolearekin batean Jexux Aranburu ereñotzuarra ere oholtzan izango da gaur, pianoa eta soinu haundiarekin. Hirugarren musikaria Arkaitz Miner da mandolina eta piano jolea.

´Gezakeria urruntzeko`
Real Politik-ek ´posiblearen politika` esan ohi dena adierazi nahi du, diskoaren aurkezpenak dioenez, ´utopiak ahaztu eta egin litekeena egiten bakarrik ausartzen dira gure politikariak` nabarmendu du. ´Politika ez ote da ezinezkoa dirudiena lortzea?` galdetzen du. Aurkezpenak berak erakusten du piper puntua dakarrela disko honek ´baina ez ahoa erretzeko, gezakeria urruntzeko baizik`. Joseba Tapiaren bakarkako laugarren diskoa da Real Politik eta Zakurraren biolina izeneko zigilu berriarekin argitaratu du. ´Izan ere tradizioak etengabeko bilakaeran dauka indarra: esateko eta musikatzeko modu berriak eragiten ditu munduak; egunero dago zer kantatu bat`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!