BHk salatu du Udala Arau Subsidiarioen dokumentua aldatzen ari litekeela, plenoak onartu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 6a, 03:00

Bildu Hernani plataformak salatu du Arau Subsidiario berrien proposamena biltzen duen dokumentua aldatzen ari dela udala, plenoak dokumentua onartua duen arren. Irailaren 1eko Hirigintza Batzordetik pasa zen Arau Subsidiarioen txosten berria eta irailaren 15eko plenoak onartu zuen, udal ordezkaritza duten alderdi guztien aldeko botoekin. Bildu Hernanik udal erregistroan sartu du Kronikari helarazi dion salaketa.

´Dokumentua ez dago Udaletxean`
Plataformak salatu du txostena onartu eta 14 egunera, irailaren 29an, joan zirela dokumentua eskuratzera eta ez omen zegoen udaleko inongo dependentziatan ´bere edukietan zenbait aldaketa egiteko erredakzio taldeari bueltatu diotelako`. BHk dio, plenoak onartu duen dokumentu bateko edukiak aldatzea ez dela egokia, plenoaren baimen zehatzik gabe. Horrez gain, salatu du txosteneko zatiren bat aldatu edo kentzea legez kontrakoa dela, azpiegitura haundi bat tartean dagoen kasuetan, eta legez egitez gero, plenoak onartu beharko lukeela aldaketa lehenengoz eta jende aurrean jarri beharko liratekeela, ondoren. Ikerketa eskaera BHk hiru eskaera egin ditu udaleko erregistroan sartutako salaketan:
1) ´Onartutako Arau Subsidiarioen txostena berriz jarri dadila, onartu zen bezalaxe, eta inongo aldaketarik gabe, udalak onartu duenaren konstantzia publikoa gera dadin`.
2) ´Ikerketa bat ireki dadila eta erantzukizun politikoak garbitu, dokumentuaren erretiratze eta aldaketari dagokionean`.
3) ´Plenoak onartutako dokumentuari egin beharreko edozein aldaketa, beste pleno batek onartu dezala. Badagokio jende aurrean jarria izan dadila, egungo legediak eskatzen duen moduan`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!