Zer idearen bueltan sortu nahi duzue Bidaiarien Txokoa?
Bidaiari independienteen txoko bat osatu nahi genuke, informazioa eta herrialde ezberdinetako kontaktuak elkartrukatzeko; bidaien bueltan ekitaldi eta emanaldi ezberdinak egiteko; eta grina bera duten beste pertsonekin harremanetan jartzeko, besteak beste. Hala ere, garbi utzi nahi dugu hau proposamen bat dela. Gaurko bilerara joaten garenon artean erabakiko da zehazki txokoa zer izango den. Bidaizale guztiak animatu nahi ditugu gaur arratsaldean Biterira joateko. Hernanin taldea sortzeko adina jende biltzen bada, ostegunero bildu nahi genuke.
Bidaiari independienteak aipatu duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
Bidaiak beren kabuz antolatzen dituzten bidaiariei buruz ari gara. Txokoa lagungarria izan daiteke bidai agentzietara edota talde organizatuetara jo gabe bidaiatzen dutenentzat.
Zertan izan daiteke baliagarria txokoa bidaiarientzat?
Bidaiatzea, bidaia prestatzea, bidaia bizitzea eta bidaia gogoratu eta kontatzea ere bada. Bidaia norbere kabuz prestatzean edo nora joan erabakitzerakoan, kontaktuak oso baliagarriak izaten dira. Erabaki dezakezu herrialde batetara joatea bertan norengana jo badaukazulako. Bestalde, oso interesgarria izaten da herrialde bat bertako baten eskutik ezagutzea, guk horrela bidaiatu izan dugu. Bidaiari buruz gogoeta egitea eta esperientzia besteekin elkartrukatzea ere oso polita izaten da. Horretarako aukera izan nahi genuke Bidaiarien Txokoan, proiekzioen bitartez esaterako. Zuek biak asko bidaiatu duzue.
Bion artean erreferentzia ugari izango dituzue ezta?
Mikel: Ni Hego Amerikako herrialde guztietan izan naiz, Venezuelan izan ezik. Ertamerikan ere izan naiz, El Salvadorren, Guatemalan eta Mexikon. Maroko, Mali, Burkina Fason ere izan naiz. Europan barrena ere ibili naiz. Azkena Asian izan naiz, Vietnam, Laos, Camboya, Birmania, Tibet, Txina eta Mongolian. Juan Mari: Europako herrialde askotan izan naiz. AEBan, Kuban, Guatemalan, Perun, Bolivian, Argentinan, Brasilen, Iranen, Marokon eta Etiopian ere bai.