Portuko erriberan 385 etxebizitza egitea aurreikusten da, %65 babestuak

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 5a, 03:00

Udalak hitzarmena sinatuko du Jaurlaritzarekin, ´aprobetxamendua erabilita ahalik eta etxe babestu gehiena hernaniarrentzat izateko`.

Portu eta Karabel arteko erriberan, 385 etxebizitza egingo dira, eta legeak eskatzen duen moduan %65 babes ofizialekoak izango dira, gutxi gora behera. Horrela biltzen du udalak onartu berri duen arau subsidiario proiektuak eta Diputazioak eman beharko dio orain onarpena. Horrez gain, Karabelen beste 136 etxe egitea erabakia dago dagoeneko, baina horrek bere bidea daramaki. Etorkizunean, Portutik Karabelako bidean ezker aldera urbanizazio haundi bat izango da beraz, 521 etxebizitza inguru izango dituena, eta bidez eskubi aldeko erribera dagoen bezala geldituko da. Gaur egun udalak esku artean duen hirigintza egitasmo haundienetakoa da Karabel-Portukoa etxebizitzari dagokionean, Sagastiyako egitasmoarekin batean, Iñaki Arratibel hirigintza zinegotziak atzo prentsaurrean azaldu zuenez.

Herritarrentzat izatea
Portu-Karabel arteko egitasmoak badu berezitasun bat, hirigintza zinegotziak azpimarratu duenez: Udalak hitzarmena sinatuko du Eusko Jaurlaritzarekin, Udalak lurrak emango dizkio Jaurlaritzari eta honek lur horietan egiten dituen babes ofizialeko etxeak hernaniarrentzat izango dira. Udalak hirigintza aprobetxamendua (%10 ingurukoa izaten da normalean) dirutan jaso beharrean terrenotan jasoko du Portu-Karabelen eta lur hori izango da Jaurlaritzaren esku utziko duena. Horrez gain, Udal ondareak duen diruarekin ere terreno gehiago erosi nahi du Udalak, Jaurlaritzari terreno gehiago eman eta hernaniarrentzat babestutako etxe gehiago lortzeko. Zinegotziak azpimarratu nahi izan du, oraingoz hitzarmenarekin, Portu-Karabelen egingo diren 250 etxebizitza babestutatik 90 inguru hernaniarrentzako izango liratekeela, eta gainerako 160 etxeen zozketan ere sartuko liratekeela hernaniarrak eskualdeko jendearekin batean.

Alegazioen ondorio
Arau subsidiarioen hasierako proiektu proposamenak 889 etxebizitza aurreikusten zituen Karabel-Portun eta oraingo proposamenean ia erdia aurreikusten da. Bi arrazoi nagusi daude horretarako, Arratibelen hitzetan: batetik, pagolatarren eta olarandarren etxeak ez botatzeko aurkeztutako alegazioak onartu egin dituela udalak eta bestetik, Portutik Karabela goazela, bidez eskubiko erriberan eraikitzea debekatu duela Jaurlaritzak, errioaren bidean eraikin berriak egitea oztopo izan litekeelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!