‘Gazteak eta administrazioa’ liburuxka argitaratu dute Buruntzaldeko Udalek

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 4a, 03:00

GAZTEAK eta administrazioa unitate didaktikoa kaleratu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek. Atzo egin zuten aurkezpena Antonia Landak eta Maribel Vaquerok, Andoain eta Urnietako udaletako euskara batzordeetako lehendakariek.

Euskararen normalizazioan beste urrats bat
Azaldu zuten argitaratu duten liburuxka hau euskara normaltasunez erabiltzen laguntzeko beste urrats bat dela. Beste helburu nagusi bat ere badu unitate didaktiko honek, 12 eta 18 urte arteko gazteak administraziora hurbiltzea. Izan ere, administrazioa urrun ikusten dute gazte askok baina, bertara jo behar izaten da zenbait erreklamazio edo eskaera egiteko. Tramite hauek bideratzen laguntzeko ahalegina da Gazteak eta administrazioa liburuxka: txosna jartzeko eskaera , gaztetxeko komuna konpontzeko eskaera, eta horrelakoak agertzen dira, beste hainbat tramiteetarako adibide izan daitezkeenak.

Bi liburuxka eta CD bat
Gazteak eta administrazioa unitate didaktikoa ikastetxeetan banatuko da bertan lantzeko. Bi liburuxka ditu, bata ikasleentzat eta bestea irakaslearentzat. CD bat ere badu. Gai ezberdinak lantzen dira: gaztelekuak eta gaztetxeak; parrandara autobusean; isunak; herriko festak eta kirolak. Atalez atal, gazteek idatziak osatu beharko dituzte, liburuxkan agertzen diren ariketen bidez. Ariketa asko taldeka osatu beharrekoak dira, gazteen artean eztabaidatu, arrazoitu eta, bide batez, ahozkotasuna lantzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!