gARTZIA goldarazen dagoen Correoseko bulegoak arratsaldez ere irekiko ditu ateak, hemendik aurrera. Astelehenetik ostiralera goizeko 08:30etik arratsaldeko 20:30era izango da irekita, eta larunbatetan, goizeko 09:30etik 13:00etara. Correoseko langileek azaldutakoaren arabera, bezeroen eskariagatik baino enpresa politika dela-eta erabaki dute ordutegia zabaltzea. Izan ere, Correoseko enpresa politikak dio bulego haundiek arratsaldez ere eman behar dutela zerbitzua. Orain artean 4 langile izan dira Hernaniko Correoseko bulegoan, baina ordutegi berria betetzeko beste langile bat hartu dute.
Posta zerbitzua eta banketxea ere bai
Correosen mota ezberdinetako gestioak egin litezke. Ohiko posta zerbitzua eskaintzen dute batetik: mota eta tamaina ezberdinetako sobre eta paketeak jaso eta bidaltzen dituzte, material hori bidaltzeko sobre eta pakete ezberdinak saltzen dituzte (tamaina ezberdinetakoak, urgentziazko mezuak, seguritateko mezuak, eta abar). Bestetik, banketxe zerbitzua ere eskaintzen dute: depositoak, kontu korronteak, maileguak, inmigranteentzako kontu bereziak, eta abar. Mobila ere errekargatu liteke. Posta kutxatilak ere badituzte eta horietako batzuk libre daude oraindik. Jakinarazi dutenez, momentuan eskaintza berezi bat dute, %75eko deskontuarekin.