Gizarte Laguntzaile bat urtebetez etxez etxe ibiliko da, Hernaniko 65 urtetik gorako pertsonei galderak egin eta informazioa ematen. Hernaniko Udalak laguntzak eta zerbitzuak eskaintzen dizkie adineko pertsonei (etxeko laguntza zerbitzua, adibidez), eta orain, pertsona horiei guztiei esplikatu nahi zaie zein diren zerbitzu horiek eta nola eskatu behar dituzten.
Aukera izan eta jakin ez
Ongintza Patronatuko lehendakaria den Andoni Amonarraizek jakinarazi duenez, ´bisita horiek momentuotan gizarte zerbitzuetatik inolako laguntzarik jasotzen ez duten pertsonekin hasiko dira, ez baitakigu zergatik ez dituzten laguntzak jasotzen: edo behar ez dutelako, edo zerbitzu hori eskura dutela ez dakitelako`.
Ekimena, PSEk eginiko eskaera bat kontuan hartuta hasi du Ongintza Patronatuak. Laister izango da martxan eta urtebete luzatuko da.