Mongolia, nomaden lurraldea

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 1a, 03:00

Mikel Insausti hernaniarrak ekialde Urrunerako bidaia hasi zuen joan den urrian. Azken hilabeteetan etxean da, eta lurralde horietan ikusitakoaz gogoeta egin du. Aurreko erreportajean Tibet eta Txinari buruzkoak kontatu zizkigun eta oraingoan Mongolian ikusi eta bizitakoak kontatuko dizkigu.

Txinatik Mongoliara dijoan Transmongoliar Trena hartu nuen ekaineko larunbat goiz batean. Ulan Bator hiriburuan egun batzuk igaro eta ahal bezain laister Hovskol izeneko lakura abiatu nintzen, iparraldera. Lakua Siberiako hegoaldean dago kokatua, eta ehun kilometroko luzera du. Lakuaren mendebaldea mendilerro zorrotzez osatua dago, eta bertan hilabeteak igaro ditzakezu inorekin topo egin gabe.

Lakuaren ekialdeko ertzean, ordea, zaldi eta abereentzako zelaiak oparoak dira, eta familia nomada mordo bat bizi dira oraindik, nomadak beti bizi izan diren moduan. Hovskol lakua neguan erabat izozten da, eta udaberriaren bukaera arte ez dira izotzak berriro urtzen. Udarako berotasunarekin batera familia nomadak lakuaren ertzera bueltatzen dira, beren abere eta zaldiekin, negua leku epelagoetan igaro eta gero. Bertan Ger edo Yurt izeneko forma borobileko dendak ipintzen dituzte.

Familia osoa bizi da Yurtean, aitonamonak, gurasoak eta hainbat semealaba. Umba izeneko gidarekin, eta hiru zaldiren laguntzaz, astebeteko zaldi ibilerari ekin genion Hovskol Lakuaren ekialdeko ertzean zehar. San Joan bezperan abiatu ginen. Hovskol lakuaren hegoaldean sortzen den ibaia zeharkatu eta iparralderantz abiatu ginen, Hartgal izeneko herrixka atzean utziz. Pinudi siberiarrez osaturiko basoan barrura sartu ginen, lakuaren urak bistatik galduz. Umbak abesti mongoliarrak abesten zituen bitartean, nik San Juan Zortzikoari ekiten nion.

Goiz osoa pinudi artean ibili eta gero, arratsalde inguruan zelai zabalak agertu zitzaizkigun berriro begi aurrean. Ortzi-mugan sakabanaturik puntu txuri batzuk ikusi nituen; familia nomaden Yurtak ziren. Umba-rekin erabaki genuen lakuak egiten zuen badia batean kokaturiko Yurtera abiatzea.

Pixkanaka-pixkanaka, Yurta haunditzen joan zen, eta gertu geundenean umore txarreko txakurra etorri zitzaigun ongietorria ematera. Zaldiak ongi lotu eta Yurtean sartu ginen. Bertan emakume bat eta bere zazpi urteko semeak ongietorria eman ziguten nomadek egin ohi duten moduan: tea eskainiz, gurin gaziz eginiko tea, alegia. Gaua bertan pasatu genezakeen galdetu zuen Umbak. Nomaden lurrean kortesiaz egin beharreko galdera da hori, jakina baita iritsi berriari beti egingo zaiola leku bat Yurtaren barruan. Mutil koxkorrak artzai-lanak bukatu zituenean, Umbak eta nik afari oparoa prestatu genuen, San Joan gaua ospatzeko. Afari ostean nola ez nien Agurra dantzatuko ba? Zaldiak prestatu eta iparralderantz jarraitu genuen hurrengo goizean. Tarteka tarteka Yurt bat edo beste topatzen genuen bidean, eta te bero bat hartzera sartu ginen. Tearekin batera gazta lehorra, gurina eta esnegaina eskaini ziguten hainbat familiak. Nomaden dieta haragia eta esnekiz osatua dago erabat. Ez frutarik eta ez barazkirik, lur eremu hauetan ez baita horrelakorik.

Hurrengo egunak martxa berdinean jarraitu genituen. Egunez zaldigainean ibili, gaualderarte, noizean behin lakuaren zilarrezko urak miresteko geldituz edota Yurtetan sartuz te bero bat edatera. Gaualdean Yurt batera hurbildu eta bertan egingo genuen lo, zoruan, vodka trago bat hartu eta gero. Nola deskribatu estepa horietan bizituriko sentsazioak? Nolabait inguru hauetan gizakiaren txikitasuna nabaria egin zait naturaren nonahikoaren aurrean. Yurt-ak gizarte nomada honen metafora dira, estepa berde amaigabeetan altxatzen dira, modu ia somaezin batean, errespetuz. Familia nomadek Yurt-a desmuntatu eta abereentzako zelaien bila abiatzen direnean, ez dute arrastorik uzten beren atzean. Inguru hauetan espazioa eta denbora elkarrekin lotzen dira modu misteriotsu batean.

Denbora emeki igarotzen da, presarik ez da nabaritzen jendearen keinuetan. Ez da gizakia erritmoa markatzen duena, betidanik present egon den jario bat baizik, lurraren barrutik sortzen dena. Entzun dut nonbaiten Mongolia azken herrialde nomada dela. Baina Bruce Chatwin-ek dioen bezala, gizakiaren naturan aintzinako gizakiaren nomadismoa dugu oraindik sustraitua. Bai? Nomadak Tx dokumentalean, honakoa dio Mongoliako nomada batek: ´Ez ote gara guztiak berriro, noizbait nomada bihurtuko?`

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!