Aurreko kurtsoan hasitako bidetik jarraituko du lanean Elkartzenek hasi berri den honetan ere. Irailaren lehendabiziko egunetatik Euskal Herrian eta Hernanin dauden arazo sozialen inguruan gogoetan ari dira talde horretako kideak. Asteartero egiten dituzte bilerak, arratsaldeko 18:30tik aurrera Biteri kultur etxean, eta hernaniar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Garraio publikoa eta bonobusa, pobrezia eta babes soziala eta prekarietatearen inguruan ariko da lanean Elkartzen kurtso berrian. Taldeak orain arte egin dituen bileretan gai horiei buruzko balorazioa egin du, baita zenbait ondorio atera ere. kronikara bidalitako dokumentu batean landu dituen gaien inguruko analisia azaldu du eskubide sozialen aldeko taldeak. Etxebizitzaren arazoa izan da Elkartzeneko kideek landu duten gai nagusietako bat. Beraien ustetan EAEn eta Nafarroan onartu diren Lurzoruaren legeek ´espekulazioari ateak irekita` uzten dizkiote. Besteak beste, etxebizitza eskubidea ez bermatzea eta etxeen prezioa azken urteetan izaten ari den gorakada kritikatu dituzte. Hernaniri dagokionez berriz, Arau Subsidiario berriek arazoa ´areagotu` egin dutela uste du Elkartzenek. Babes Ofizialeko etxebizitzen eta alokairuen politikarekin ere ez daude gustora talde horretako kideak. Beraien ustez babes soziala duten etxeak lortu ahal izateko diru-sarrera ´dezente` eduki behar da. Babes Ofizialeko alokairuak ere ez dira irtenbidea Elkartzenentzat, sarritan 500 eurora iristen direlako. Gainera, gai honen inguruko analisian eztabaida eta parte hartzearen inguruko hutsuneak ikusten dituzte.
Autobus txartelaren prezioa
Kurtso hasierako analisian garraio publikoa izan da beste hizketagai nagusia. Urtero autobus txartelaren prezioa bost zentimo igotzen dela salatu du Elkartzenek. ´Langabezia, prekarietatea edo bazterketa soziala sufritzen dutenentzat ez dago inongo laguntzarik` talde horretako kideen iritziz, eta nahikoa diru dutenek berriz automobila hartzen dute, ´merkeago ateratzen zaielako`. Gainera, Gipuzkoako autobus konpainiak errentagarriagoak izateko estrategia aurrera eramaten ari direla kritikatu dute Kronikara bidalitako idatzian. Elkartzenek uste du horrela ezinezkoa dela txartelen prezioa merketzea. Horren aurrean bonobusa eta bonobus sozialaren beharra azpimarratu dute irailean egindako analisiaren ondoren. Justizia soziala lortzeko bide ´ezin egokiagoa` da hori Elkartzenentzat. Udalak Diputazioarekin Lurraldebusaren aldeko apustua eginez ´eskuak garbitu` dituela ere salatu du Elkartzenek. Egitasmo hori geldituta dagoela eta gainera hernaniarrentzat bonobusik ez dela izango uste du eskubide sozialen aldeko taldeak. Udalak ´ikuspegi sozial txikia` duten lanetan dirua gastatu izana ere ez dute begi onez ikusi. ´Zenbat bonobus joan dira inbertsio hauetan?` galdetu diete udal ordezkariei Elkartzeneko kideek.
Pobreziaren muga eta prekarietatea eztabaidagai
Aurreko kurtsotik landutako gai horiez gain, Elkartzenek pobreziaren muga eta prekarietatea izango ditu eztabaidagai. Eskubide sozialen aldeko taldeak hernaniar guztiak gonbidatu ditu gai hauek ´lantzera eta borrokatzera`.