Zubipen irabazi ezinik jarraitzen du Hernanik, atzo 1-1 berdindu ondoren

Kronika - Erredakzioa 2006ko urr. 1a, 03:00

Zubipen irabazi ezinik jarraitzen du Hernanik, atzo 1-1 berdindu ondoren

ETXETIK kanpo 6 puntu aterata itzuli zen atzo Hernani berriz Zubipera, baina ezin izan zuen jarraian hirugarren garaipena pilatu. Itxura denez, aurtengo bisitari guztiek Hernaniren aurka erabiliko duten formula bera erabili zuen Hondarribiak, atzean jende asko pilatu eta itxaron. Joku mota horrekin partidu korapilatua izan zen atzokoa, jokalari asko zelai tarte txikian eta zirrikitu gutxi. Bigarren zatia hasi eta azkar lortu zuen Hernanik zailena. Falta batetik Portillok 1-0ekoa egin zuen. Baina ezin izan zion abantailari luzaro eutsi, bost minutura beste falta batean, Hondarribiak berdindu eta berriz ere partidua berak nahi zuen dinamikara ekarri zuen. Hortik aurrera markagailua ez zen gehiago mugitu.

Emakumezkoen ligan gaur Hernani-Añorga

Oso partidu interesgarria jokatuko da gaur goizean Zubipen Emakumezkoen ligan. Hernanik Añorgaren bisita jasoko du. Azken urteetan bi taldeen artean jokalari mugimendu dezente izan dira, eta horrelakoetan gertatzen den bezela, jokalariak oso motibatuak aterako dira gaurko partidura. Hernaniarren aldetik, aurreko astean ligako lehen garaipena lortu ondoren, ratxa onari eutsi nahiko diote eta etxeko lehenengo hiru puntuak lortu. Une honetan sailkapeneko 7. postuan dijoaz. Añorgatarrak 3. dijoaz, 2 partidu irabazi eta bat berdinduta. Partidua, gaur, 10:00etan Zubipen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!