Alderdi guztien adostasunarekin onartu zuten joan den ostiraleko plenoan herri-bizikidetzaren inguruko ordenantza berria. Bizilagunen arteko harremanak okertu ditzaketen jarrerak alde batera uztea da araudi berri horren helburua, eta eguneroko bizitzaren hainbat alorren inguruko eginbeharrak ezartzen ditu. Bertan azaltzen diren aginduak herritar eta bisitari guztiei daude zuzenduta eta derrigorrez bete beharrekoak dira. Kalean ateratzen diren soinuen inguruko atala da ordenantza berriko gai nagusietako bat. Udaletik jakitera eman dutenez herritarrak ´bizilagunen atsedenaldia errespetatzera derrigortuta daudela` gogoraraztea lortu nahi dute. Horregatik lanegunetan gaueko 22:00etatik goizeko 08:00etara eta asteburuetan goizeko 10:00etara bitartean etxe barruan saihestu daitezkeen soinuak egitea ez dela onartuko adierazi dute Udaletik. Gainera, soinu horiek ezingo dituzte 30 dezibelak gainditu.
Txotx denboraldia eta San Joan sua
Txotx denboraldia hastean izaten dira soinuarekin arazo haundienak. Udalak gai hori ere ukitu du ordenantzan eta 18 urtez beherakoei alkoholdun edariak saltzea debekatuta dagoela gogoratzeaz gain, txotx jaia bezalako ekitaldietan plastikozko basoak erabiltzea derrigorrezkoa izango dela onartu dute plenoan bildutako alderdiek. Bestelako jai egunei ere erreparatzen die ostiraleko ordenantzak. Hala, San Joan bezperan adibidez, sua egin nahi duenak Udalari baimena eskatu beharko dio.
Akanpatzeko debekua
Elkarbizitza arautzeko ordenantzak leku publikoetan onartuko ez diren hainbat jarduera ere zerrendatzen ditu. Besteak beste, herri barruan akanpatzea debekatu egingo dute hemendik aurrera. Gainera, ordenantzak horretarako prestatutako ibilgailuak Hernaniko udal-barrutian jartzea ere ez dute onartuko hemendik aurrera. Kaleak eta berdeguneak zaintzeko beste argibide batzuk ere ematen ditu ordenantzak. Besteak beste, parkeetako haurrentzako jolasak helduek erabiltzea, pipak eta beste fruitu lehorren azalak lurrean botatzea, pilak eta tresna elektrikoak zakarrontzi arruntetara botatzea eta zuhaitz eta landareak kaltetu ditzakeen edozer egitea debekatzea erabaki dute Udalean dauden alderdiek. Horretaz gain, kaleen garbitasuna mantentzeko helburuarekin alfonbrak eta erratzak astintzeko ordutegia ere finkatu dute. Ordenantza berria indarrean jartzean gaueko 21:00ak eta goizeko 09:00ak bitartean astindu beharko dira horien hautsak.
Derrigorrez bete beharrekoa
Ordenantza berrian azaltzen diren aginduak derrigorrez bete beharrekoak dira eta ez betetzeak egindako arau-haustearen araberako zigorra jasoko du. Udalak azpimarratu du zigorra araua hausteko intentzioaren arabera eta arduragabekeria mailaren arabera epaituko dutela delituek maila arina, larria edo oso larria duten. Bakoitzari dagokion zigorraz berriz, Udalak arau-hauste arinentzako 60 eta 750 euro bitarteko isunak ezarri ditu, delitu larriek 751 eta 1.500 euro arteko multa izango dute eta oso larriak izatekotan 3.000 eurora iritsi daiteke zigorra.
Zaharren Egoitza haundituko dute
Ostiraleko plenoan onartutako beste proiektu garrantzitsu bat Zaharren Egoitza haunditzearen ingurukoa izan zen. Aho batez onartu zuten Udaleko alderdiek Egoitza haunditzeko lanen inguruko egitasmoa eta kontratatzio espedientea. Gay Mur aldera zabalduko egoitza, eraikin berri batekin.
Hala ere, eztabaida izan zen azken atal horren inguruan, lanak lehiaketa publiko edo enkante bidez adjudikatzearen aldeko jarrerak izan baitziren. EBk enkantearen kontra egin zuen, modu horretara kontratatutako enpresetan prekarietate maila ezin dela kontrolatu argudiatuta. PSE-EEk ordea kasu horretan legeak enkantea egitera derrigortzen duela argudiatu zuen.
Egoitza haunditzearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako irisgarritasun irizpideak betetzea ere nahi dute Udal ordezkariek. Lanak urtea bukatu baino lehen hastea da helburua.