Lehen garaipenerako urratsa emateko beldurrik gabe gaur hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 30a, 03:00

Saskibaloiko junior taldeak gaur hasiko du liga, 16:30ean, Zarautzgo Graficas Ilbaren aurka. Aurten 1. mailan jokatuko dute, beste talde baten plaza eskuratuta.

saskibaloiko juniorrek gaur hasiko dute 06/07 denboraldia. Graficas Ilba zarauztarren aurka dute partidua, 16:30ean, kiroldegian. Aurtengo taldea iazkoaren berdina da baina mailaz igo dira, talde batek igoerari uko egin eta gero. Aurtengo helburua maila berrira egokitzea izango da, entrenatzaileen esanetan, talde indartsuak baitaude, besteak beste, Askatuak, Easo eta Azpeitia. Hernani K.E. saskibaloi junior taldea 10 jokalariz osatuta dago, denak 16-17 urtekoak, eta hiru lagun ibiliko dira entrenatzaile lanetan: Ibon Ocaña, Ibon Alkorta eta Eneko Fernandez. Jokalari gehienak hernaniarrak dira, hiru izan ezik, hauek Billabona, Donostia eta Astigarragakoak izanik. Entrenatzaileak onartzen dute pare bat lagun gehiagorekin hobeto moldatuko liratekeela, baina daukaten taldearekin ere gustora daude. Sailkapeneko 2 lehenengoak igoera fasean sartuko dira, eta hor egotea oso zaila ikusten dute hernaniarrek, baina partiduz partidu ikusiko omen da noraino iristeko gai diren. Taldearen arma nagusiak defentsa eta duten konpetitibitate maila dira, eta arma horiek erabili beharko dituzte gaur, bi puntuak lortzeko.

Kadete taldea ere lanean

 Juniorraz gain, kadete taldea ere badu Hernani K.E.k, 14-15 urtetako gazteez osatua. Aurten, aldaketak egon dira kategoria horretan, federazioak araututa egotetik fitxa eskolarra izatera pasa baitira gazteak. Oscar Garin arduradunaren esanetan, Diputazioak, erabaki horrekin, saskibaloia bultzatzea du helburu, talde bat osatzearen kostua murriztuta. Iaz, gazteak, jokatzeko, kirol asegurua egin eta osasun errekonozimenduak pasa behar omen zituzten, eta orain, berriz, ez da beharrezkoa izango errekonozimenduak pasatzea eta jokalariak Osakidetzak hartuko ditu, lesioren bat izanez gero. Kadeteek urriaren 20 aldera hasiko dute txapelketa eta Gipuzkoan barrena jokatuko dituzte partiduak. Atzo zen azken eguna taldeak apuntatzeko, eta urriaren 10ean egingo da taldeen zozketa.

Kiroldegian leku nahikoa ez

Oscar Garinen arabera, saskibaloi taldeek aurkitzen duten oztopo nagusiena instalazioena da, ´beste kiroletakoak kiroldegiko beheko pista hiru zatitan banatzen dute entrenatzeko, baina guk ezin dugu hori egin, ez baitago saskirik. Goiko pistan badaude saskiak baina mini basket tamainakoak dira. Kontuan izanda 4-5 urtetan lau talde izatea dugula helburu, ez dakit nola moldatuko garen`

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!