Bidaiaren txokoa sortu nahi du bidaiari talde batek

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 30a, 03:00

Urriaren 5ean, osteguna, aurkezpen bilera egingo dute Biteri Kultur Etxean, 19:30ean. Bilera irekia izango da, nahi duen guztiarentzat.

HERNANIKO bidaiari talde batek, elkarri beraien esperientziak kontatzen hasita, herrian Bidaiarien txoko bat sortzeko ideia izan du. Horretarako datorren ostegunean, urriak 5, bilera bat deitu dute Biteri Kultur Etxean. Bertan elkarren esperientziak trukatu eta Bidaiarien txokoa izango denaren oinarriak jarri nahi dituzte. Bilera, arratsaldeko 19:30etan izango da.

Bidaiarien ideiak bildu

Bidaiari hauen helburua da, bere kabuz bidaiatzen duen jendearen esperientziak bildu eta denontzat baliagarri izatea. Bidaiatze estilo ezberdinak aztertu, ikuspuntu ezberdinak ikusi, esperientzia ezberdinak aztertu eta abar egin nahi dituzte. Bilera deitu duen taldearen hitzetan ´urte asko bidaiatzen daramagun jendea konturatu gara, herrialde bat bisitatzerakoan, tokian tokiko kontaktuak edota lekuei buruzko erreferentziak oso baliagarriak direla eta gehienetan lagunen bitartez lortutako kontaktuak izaten direla`. Bidaiarien txokoaren helburua izango litzateke herrialde ezberdinetaz, bidaiari ezberdinek duten informazioa elkartrukatzea, beste bidaiaiarientzat ere baliagarri izan dedin.

Bidaia proiektu berriak

Bidaiaren txokoak izango dituen beste helburuak dira, ´beste bidaiari batzuk ezagutzeko aukera izatea, eta agian bidaia proiektu berriak elkarrekin egiteko aukerak sortzea`. Taldeak argi utzi nahi du Bidaiaren Txokoaren ekimena aportazio pertsonaletan oinarrituko dela eta helburua ez dela izango bidaien inguruan negozioa sortzea.

Bolivia eta Mongoliako bidaiak

Lehen bilera honetan, herriko bi bidaiarik Boliviara eta Mongoliara egin dituzten bidaien esperientziak erakutsiko dituzte diapositiba emanaldi batean, eta emanaldi honen bidez azaldu nahi da Bidaiarien Txokoak nola funtzionatu dezakeen eta zertarako sortu nahi den. Proiekzioaren ondoren, antolatzaileek mahai-inguru bat egin nahi dute, izan daitezkeen ideia, proposamen, ekintza eta abar planteatu eta aztertzeko. Taldeak bidaiari ´independiente` guztiei egiten die dei, osteguneko bilerara agertzeko eta Bidaiarien txoko honetan parte hartzeko. Bilera, ostegunean 19:30ean Biterin. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!