Euskera ikasteko eskaintza zabala Hernanin ikasturte berrian

Kronika - Erredakzioa 2006ko irailaren 28a

AEK, Udal Euskaltegia, EPA-HHI eta ‘Gure artean Euskaraz’eko ordezkariek ikasturte berria arkeztu zuten atzo, Udal arduradunekin batera.

Atzo eguerdian udaletxeko areto nagusian egindako prentsaurrekoan Hernanin euskera ikasteko dagoen eskaintza aditzera eman zuten euskaltegi eta zentro ezberdinek. Hitza hartu zutenen artean AEK, Udal euskaltegia, HHI-EPA, Dobera Euskara elkartea eta Udaleko ordezkariak izan ziren.

Euskeraren datuak
Prentsaurrekoari Txema Mercado zinegotziak eman zion sarrera eta Hernaniko datu soziolinguistiko batzuk azaldu zituen. Datu horiek erakusten dute euskeraren ezagutzatik erabilerara salto haundia dagoela, adin tarte guztietan. Azaldutako datuen arabera, hernaniarren %54,7k euskera ezagutzen du, baina %31k besterik ez du erabiltzen. Ia 5 biztanletik batek (%19k) ulertu egiten du euskera baino ez da erabiltzeko gai, eta herritarren laurdenak ez du ezagutzen eta ulertzen (%26ak). Datuei begiratuta, Mercadok esan zuen zeregin haundia dagoela euskera maila hobetzeko eta horretarako eskaintza zabala dagoela herrian, bi euskaltegi, HHI-EPA eta Gure Artean Euskaraz egitasmoarekin. Bukatu aurretik adierazi nahi izan zuen, Udala irekita dagoela, horiez gain sortu daitezkeen ekimenak laguntzeko, eta euskaltegietan izena emateko diru laguntzak (%75erainokoak) eta beka-sistemak iaz bezala jarraitzen dutela. Beka jasotzeko klaseen %85era joan behar da.

Udal euskaltegia
Jokin Nazabalek adierazi zuen Udal euskaltegian pozik daudela jendearen erantzunarekin. Ikasleak goiz matrikulatu dira eta dagoeneko 7 talde hasiak dira lanean eta beste lau hastekoak dira. Azpimarratu zuen euskeraren kaleko erabilpena urria dela eta ekintza osagarriak iragarri zituzten euskera munduarekin harremanak sendotzeko.

AEK euskaltegia
Oihana Romerok AEK-ko programa (Boga, On Line, Aisa) aurkeztu zuen eta aipatu zuen ikasleak egunerokotasunetik autoikaskuntzara igarotzen ari direla gero eta gehiago. Erabilera bultzatzeko Zilegi Eskolak antolatu dituzte eta horren berri Urriaren hasieran emango dute.

HHI-EPA
Rosa Lertxundi eta Kike Riañok gogorarazi zuten HHI-EPA Euskal Eskola publikoaren sarean aurkitzen dela. Azpimarratu zuten beraiek euskeratze eta alfabetatzeko 1. mailak lantzen dituzte, ikasleak gero euskaltegietara joan ahal izateko bidea jartzeko.

‘Gure artean euskaraz’
Ekimen hau Amaia Rodriguez Doberako kideak azaldu zuen. Doberaz gain, AEKk eta Udal Euskaltegiak, herriko ikastetxeek eta Udalak hartzen dute parte. Ekimenarekin lortu nahi da euskeraz hitz egiteko ohitura hartzea edo berreskuratzea. Horretarako talde txikiak egingo dira, ohitura hartu nahi dutenen eta euskaldun zaharren artean. Taldeak osatzeko adina, zaletasunak eta abar hartuko dira kontuan eta bakoitzak erabakiko du non, noiz eta nola praktikatu. Urria  bukaeraraino eman daiteke izena eta euskaldun zaharrei ere deia luzatzen diete, laguntzeko. Dobera Euskara Elkartean, Larramendi 11n (943-332799).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!