Biteri kultur etxean irailaren 29ra arte ikusgai dagoen Hernaniko Berdeguneak erakusketari buruz, iritzia jasotzen hasi dira Hernaniko udala eta Goroldi enpresa. Horretarako, erakusketa ikustera doazenei inkesta txiki bat erantzutea eskatzen diete. Inkesta horretan, orain arte jasotako emaitzen berri eman dute arduradunek, nahiz eta behin-betikoak ez izan. Hernaniko Berdeguneak proiektuak, Hernaniko parke historiko bat eta beste hiru eremu egokitzea aurreikusten du. Parke historikoa Pana parkea da eta hiru eremuak: Mendi-mendiyan, Arrigoain eta Ave maria. Egokitze proiektuarekin herritar bakoitzeko 18 metro koadro berdegune izatea bilatzen dute, OMEk (Osasun Mundu Erakundea) gomendatutakoaren gainetik.
Inkestako emaitzak
Inkesta erantzun dutenen artean, %58 gizonezkoak dira eta %42 emakumezkoak. Lehenengo datuen arabera, herritarrek gehien baloratzen dutena, berdegune eta parkeak izatea litzateke, orain baino zabalagoak, eta eserleku, iturri eta haurrentzako jolas eremuekin. Hernanin herritarrek gehien erabiltzen dituzten parkeak Atarrabiyo, atletismo pista ingurua eta Lizeaga dira eta garrantzi haundia ematen diote garbitasunari. Horrekin lotuta, txakur gorotzekin bereziki arduratuta agertzen dira inkesta erantzundako biztanleak. Hernaniko Berdeguneak proiektuari dagokionez, herritar gehientsuenek oso ondo ikusten dute Udal Jolas Igerilekuan parke berria eraikitzeko proposamena. Horrez gain, Arrigoain Landa parkeko proiektuak ere harrera ona izan du. Hau da aldaketa gehien jasoko duen zonaldea, harrobian dagoen zuloa ixteko asmoa dutelako, horren gainean mahaiak, erretegiak eta kirol-gune bat eraikitzeko, besteak beste.
Udalak iritziak kontuan
Hernaniko Udalak herritar guztiak Biterira joatera animatzen ditu, irailaren 29ra arte, beren iritzia eman dezaten, horrek ´ezinbesteko garrantzia` baitu proiektuen etorkizunerako. Izan ere, herritarren iritziak kontuan hartuko dituela dio Udalak, proiektu horietan aldaketak egiteko ateak zabalik utziz.