Kizkia sagardozale elkarteak gaur aukeratuko du beren ustetan denboraldiko sagardo onena izan dena, Astigarragako Gure Izarra elkartean egingo duten bazkarian. Gaurko finalean bi kanporaketa gainditutako sei sagardo ezberdin dastatuko dira, haragi eta arraiarekin batera. Txapelketa irailaren 6an hasi zen eta orduan 20 sagardo probatu zituzten. Hortik 10 onenak aukeratu eta beste kanporaketa bat egin zuten joan den asteazkenean, irailak 20, eta aukeratutako seietatik gaur aterako da irabazlea.
Sekretupeko sagardoak
Kizkiako 9 kideek oso zorrotz hartzen dute txapelketari dagokion edozein xehetasun. Inork ez daki finalean edango dituzten sagardoak zein etxetakoak diren. Horrez gain, kide guztiak botila beretik ateratako sagardoa edaten dute, kide bakoitza beti leku berdinean esertzen da (argitasun eta koloreak ez eragiteko) eta sagardo guztiak bai haragi eta bai arraiarekin lagunduta edaten dituzte. Txapelketa horrekin Kizkia taldekoek sagardozaleei esker ona erakutsi nahi diete eta irabazleari ohiko koadro berezia emango diote.