Parte hartze haundia Amnistiaren aldeko II. futbol 7 txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 26a, 03:00

Ia 300 lagun bildu ziren Zubipen preso eta iheslarien alde futbolean jokatzeko. Ibarrako Gazte Asanbladak irabazi zuen txapelketa.

Askatasunak antolatutako Amnistiaren aldeko II. futbol 7 txapelketa jokatu zuten herenegun Zubipen eta jende asko jaitsi zen, bai jokatzera eta bai eguna paseaz, jokalariak animatzera. Gutxi gora behera, 270 pertsonek jantzi zituzten galtza motzak, 27 taldetan banatuta, eta beste asko, zelaiz zelai ibili ziren, partiduak ikusi eta pintxoak jaten, aldarte onean. Bazkarirako 300 bat lagun bildu ziren, inprobisatutako aterpean. Horrelakoetan emaitza gutxienekoa da, baina ez dago soberan aipatzea Ibarrako Gazte asanbladak eskuratu zuela txapelketa, Skakeo hernaniarrei finalean irabazita, 1-0. Antolatzaileak gustora daude jendeak emandako erantzunarekin eta izandako giro ona azpimarratu zuten, nahiz eta baten batek mina hartuta bukatu zuen txapelketa. Eskerrak eman nahi dizkiete CD Hernaniri eta lagundu duten guztiei, beren borondateagatik.

Kontzentraziok jarraitzen dute

Askatasunak gogoratu nahi die herritarrei ostiralera arte kontzentrazioak egiten jarraituko dutela Iñaki De Juana preso donostiarraren egoera salatzeko. De Juanak 51 egun beteko ditu gaur gose greban, eta ospitalean gogoz kontra elikatua izaten ari da. Askatasunak nabarmendu nahi du presoak bere borroka jarraitzen duela eta herriak erantzun behar duela horren aurrean. Kontzentrazioak Zinkoenean izango dira, 18:00etatik 20:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!