Feliciana Macariok Guatemalako egoera aztertuko du gaur Biterin

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 26a, 03:00

Guatemalako Alargunen Koordinadorako kidea da eta bere herriko gerra eta ondorioen inguruan ariko da. Hitzaldia 19:30ean hasiko da.

Feliciana Macario Conaviguako (Coordinadora Nacional de Viudas de Guatemala) kideak hitzaldia emango du gaur arratsaldeko 19:30ean Biteri Kultur Etxean, Mugen Gainetik GKEak, Hernaniko Udalak eta Hernaniko kooperazio taldeak antolatuta. Conavigua 1992an sortu zen eta 1.000 emakume baino gehiagok osatzen dute. Dauzkaten lan proiektuen artean, Labor de resarcimiento histórico aurkitzen da eta horren bidez, senitarteko, epaile eta abokatuek hilerri klandestino eta hobi komunak arakatzen dituzte, gerrak eragindako gorputzak bilatu eta errekonozitzeko asmoz. Gorputzak Maya erritoen arabera ateratzen dituzte. Hernaniko Udalak, CONAVIGUAren proiektua laguntzen du eta, trukean, gaurkoaren moduko sentsibilizazio jardunaldietan, lagundutako proiektuen berri ematen zaio herriari. Horrela egin zuten duela urte batzuk, Maria Canil etorri zenean eta gaur Feliciana Macariok emango du Guatemalaren eta proiektuaren berri. Hain zuzen, Mugen Gainetik GKEak giza eskubideen arloetan lan egiten du, emakumea, nekazal mundua eta kultur arteko lan eremutan dabiltzan taldeekin, hain zuzen. CONAVIGUA lan eremu horietan ari da eta horrek ahalbidetzen duen elkarlanari esker gauzatuko da gaurko hitzaldia.

Guatemalako gerra hizpide

Hilerri klandestinoetan 60garren hamarkadatik 1996 urtera arteko genozidioan hildakoen gorputzak aurkitzen dira, Mugen Gainetiken arabera. ´Genozidioaren garai latzena 80garren hamarkada izan zen, desagertu eta hildako asko izan ziren`. Erakundearen ustez, gerra garaian, gobernuak antolatutako taldeek 200.000 lagunetik gora hil zituzten, gehienak Maya indigenak. Guatemalako barne gerra 1996an eten zen, gerrilatik irtendako alderdi politikoak eta gobernuak bake akordio bat sinatzerakoan. Gaur egun, ´ustezko demokrazia` batean bizi dira, GKEaren ustez. Bozka emateko, Guatemalako herritarrak aurrez izena eman behar dute eta salatu dute mendiko herrixketako biztanleak ez dutela parte hartzen eta boterea oligarken esku utzita daukatela. ´Analfabetismo portzentaia oso altua da indigenen artean eta ez dute hezkuntza, lan eta osasun mundura sarbiderik. Sinatu zuten bake akordioa ez dute betetzen eta azken urteetan erahilketak eta biolentzia berpiztu dituzte`. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!