«Nomadak TX proiektuaren oinarrian txalapartarekiko dugun ikuspegia dago»

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 23a, 03:00

Oreka TX Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek osatzen duten taldea da. Bere azken proiektuaren ondorioa da datorren asteartean, hilak 26, Donostiako Zinemaldian estreinatuko duten `Nomadak TX` filmea. Geroago, urriaren 11n, izango da filmearen estreinu ofiziala. Gu Harkaitzekin aritu gara solasean.

 

Oreka TX Harkaitz Martinez de San Vicente eta Igor Otxoa txalapartariek osatzen duten taldea da. Bere azken proiektuaren ondorioa da datorren asteartean, hilak 26, Donostiako Zinemaldian estreinatuko duten `Nomadak TX` filmea. Geroago, urriaren 11n, izango da filmearen estreinu ofiziala. Gu Harkaitzekin aritu gara solasean.

Zer da `Nomadak TX proiektua? Zein da `Nomadak TX` proiektuaren helburua?

Proiektu honek Oreka TX, gure taldearen ibilbidearekin lotura logikoa du. Gure aurreko diskoa argitaratu genuenetik sei urte pasa dira eta orain dela hiru edo lau urte zeozer berria argitaratzeko momentu aproposena zen. Beraz, egia da bi diskoen artean tarte handia utzi dugula, baina arrazoia `Nomadak TX` proiektua izan da. `Nomadak TX`en atzean oinarrizko ideia sendo bat dago. Eta ideia hori guk txalapartaz dugun ulermena da. Lehen argitaratutako diskaren xedea txalaparta beste instrumentu musikalekin parekatzea izan zen. Hau da, txalaparta instrumentu protagonista izatea lehenik eta behin, eta ez instrumentu laguntzailea, erabili ohi den moduan. Eta ildo horretatik, guk ikusten genuen txalapartaren musikaltasunaz gain beste zeozer lantzeko bazegoela. Beraz, proiektuaren oinarrian guk txalapartarekiko dugun ikuspegia dago. Mundu osoan txalaparta da guk ezagutzen dugun instrumentu bakarra bi pertsonek osatzen dutena. Horrela, hortik sortzen den musika ez da bi musikariak batera jotzetik sortzen dena, bi musikariak beharrezkoak baitira doinu bakarra sortarazteko. Idei hori oso interesgarria iruditzen zaigu. Era berean, txalaparta instrumentu sinbolikoa da, komunikazioa sortzeko zein txalaparta jotzeko antzeko pausoak eman behar direlako. Hori da hain zuzen Nomadak TX proiektuaren mamia: txalaparta topaleku bilakatzeko saioa egitea. Helburua izan da txalaparta ez erabiltzea bakarrik bi pertsonen artean musika egiteko eta `bi` kontzeptu hori txalapartara ekartzea. Eta `bi` bi pertsona izan daitezke, bi herri... Bat eta bat inoiz bi ez direlako, beti zeozer gehiago delako... Prozesu honen helmuga filmea izan da, helburua ordea filmea gauzatu arte egin dugun bidaia izan da.

Proiektua asmatu zenutenetik filmea egin arte pasa zen tarte bat. Noiz agertu zen filmea egiteko ideia, bidaia egin ondoren hala lehenagotik bazenuten hori egiteko asmoa?

Beti bidaiatu izan dugu ikusentzunezko produktu batean pentsatzen. Hasiera batean ez genekien filme bat izango zenik. Beti pentsatu izan dugu DVD bat izango zela guztiaren ondorioa. Argi eta garbi ikusten genuen lortzen genuena musikaren bitartez adieraztea ez zela nahikoa. Guretzat prozesu osoa ez zen elkarsortzea eta elkar topatzea bakarrik, materialekin lotura handia ere bai baitzuen. Euskal Herrian instrumentu gehienak egurrarekin eginak dauden moduan, beste herrialdetan oinarrizko beste elementu batzuk daude. Euskal Herriko identitatetik gertu dago txalaparta: egurrezkoa delako, hemen sortu delako... Abiapuntu hori kontuan hartuta beste herriak ezagutu nahi genituen, ze baliabide material erabiltzen zituzten jakiteko. Eta zerk eragiten ditu baliabide material horiek? Hori aztertzea ere bazen gure nahia. Eta ideia honen ondorioa izan dira Laponian egin genuen izotzezko txalaparta edota harrizko txalaparta... Bisitatu dugun kultura bakoitzaren baliabide materialak erabiltzen saiatu gara.

Zinemaldian ikusi ahal izango dugun filmean lau herrirekin izandako harremana isladatzen duzue. Ze irizpide erabili dituzue herri horiek aukeratzeko?

Batetik materialaren arazoa izan da. Baldintza gogorretan bizi diren herriak, nola moldatzen dira baliabide horietara? Eta horregatik erabaki genuen Laponiako bidaia egitea, esate baterako. 40 gradu zero azpitik, eta urte erdia gaua eta urte erdia eguna duen herrialde bat egoera horretara nola moldatzen den jakin nahi genuen. Saharako bidaiarekin hotza eta beroaren arteko kontrastea aurkitu nahi genuen. Beste alde batetik, proiektuaren izenak adierazten duen moduan, nomada izaerak garrantzi handia du guretzat. Adierazi dugun bezala, herrialde bakoitzak badu bere berezko sonoridadea, baina badaude herri batzuk toki jakin batean ez daudenak, bere identitate sonoro hori beraiekin daramatenak. Horregatik aukeratu genuen Mongolia, beste herrien artean nomada izaera mantendu dutelako. Herri nomadek ezin dituzte instrumentu pisutsuak eraman. Egoera horretan aurkitu diogu erantzuna galdera horri: musika beharrezkoa da ala luxu bat da? Zuk instrumentuak garraiatu behar dituzunean zerbait asmatu behar duzu. Mongolian garatu dute kantu armoniko ikaragarri bat esate baterako. Horrela ez dute instrumenturik behar. Beste irizpide bat herri minorizatuak, hizkuntza minorizatua dutenak eta baldintza zailetan bizi direnak aukeratzea izan da. Batez ere, gure herriarekiko duten antzekotasunagatik.

Zuen web orrian zera irakurri dut: `Laponiako bidean izotzak sonoridade berezia du`. Zer adierazi nahi duzue horrekin?

Guk ez genekien ze sonoridade izango zuen izotzarekin egindako txalaparta batek. Eta izugarrizko sorpresa izan zen guretzat esperimentuaren emaitza. Filmean agertzen den moduan, oso esperientzia polita izan genuen izotzarekin.

Ze planteamendu estrategiko erabili duzue bidaia bakoitzean?

 Bidaia bakoitza desberdina izan da, baina abiapuntu berdina mantendu dugu guztietan. Bidaia bakoitzean izan dugu pertsona bat bitartekari lana egin duena, komunikazioa errezteko xedez. Asmoa zen leku bakoitzera iristea ezagunak izanda eta ez turistak izango bagina bezala. Bidaia bakoitza bukatzerakoan, etxeratu egiten ginen, beste bidai bat segidan egin ordez, hurrengo bidaia behar bezala prestatu ahal izateko eta lortutako materiala txukundu behar genuelako. Horrek bidaia bakoitzaren akatsak aztertzeko atsedena eman digu, eta hurrengo bidaian zer landu behar genuen jakiteko ere bai. Bidaia bakoitzean beti Igor, Raul, bitartekaria eta ni izan gara. Eta momentu askotan gu hirurok bakarrik ere ibili gara. Marokora joan ginenean, Ixu hernaniarrak lagundu gintuen, Saharako bidean Garazi etorri zen gurekin, Laponiako bidaian berriz Iosu Iztueta tolosarra etorri zen gurekin...

Herri horiekin komunikazioa sortzea zein mantentzea erraza izan al da?

Interkulturalidade famatu hori... Batzutan oso aberasgarria da, baina beste batzutan... zaila izan da. Bidaia bera oso zaila izan da batzuetan. Batez ere guk egin behar genuen lanari lehentasuna ematen genion bakoitzean. Lasaitzen ginenean ordea komunikazioa asko errezten zen. Txatanak mongoliako etnia bat da eta berrogei familiak besterik ez dute osatzen komunitate osoa. Haiekin lau egun igaro genituen eta ez genuen tutik ere ulertu, baina komunikazioa izan zen prozesu guztian sortu den beroena.

Indian berriz Adibasiekin jarri zineten harremanetan. Zein da Indiako deskastatuek bizi duten egoera?

Indiara iritsi ginenean ez genuen haien berri. Beraiekin harremanetan jartzeko hirietatik ospa eta mendialderuntz jo behar izan genuen. Guretzat guztia berria izan zen. Ez genekien haiek Indiako lehenengo biztanleak zirenik. Baztertuak izan dira kastetatik kanpo daudelako, lur emankorrenetatik urrun daude horregatik eta bizitza latza dute. Mendian bizitzeak gosea dakar askotan, baina ez dute jasaten hirietan ikusten den miseria. Musikaren aldetik oso instrumentu bereziak dituzte. Albokaren antzeko instrumentu bat badute, esate baterako.

`Sami Herria mapetan agertzen ez den lurraldea da`. Nolakoak izan dira bidaia honen gorabeherak?

Laponiakoa izan zen bigarren bidaia eta ez zuen izan zer ikusirik Indiako bidaiarekin. Indian jotzen hasten zinen eta segituan hurbiltzen ziren... Laponian kalean jo genuen aldi bakarrean begiratu ere ez gintuzten egin... Ez bageunde bezala. Hori ondo isladatzen da filmean. Beste gauza bat da haien etxean hartzen zaituztenean. Laponian oso instrumentu tradizional gutxi dituzte. Daukaten bakarra larruzko danbor txiki bat da. Ahozkotasuna ordea oso garrantzitsua da. Samien kasuan badago Yoik izeneko kantua, eta hemengo bertsolaritzarekin elementu amankomunak ditu. Hemengo bertsolariak bezala inprobisatu egiten dute. Horretarako ere metrika eta errima erabiltzen dute. Baino han doinua jaiotzean ematen diote bakoitzari. Beti berdina da eta bakoitzak bat du. Normalean doinu horrek badu doinu tronkal bat: familiarena hain zuzen.

 `Asko etxea utzi eta pateretan igotzen dira euren bizia arriskuan jarriz, eta beharrak eraginda nomada bihurtzen dira`. Marokoko esperientzia nolakoa izan zen?

Hau izan zen furgonetan egindako bidaia bakarra. Iparraldetik sartu eta Argeliako mugaraino iritsi ginen. Beste bidaiekin konparatuta, Marokoko bidaia guztiz eroa izan zen, alaiena... Hau oso ondo isladatzen da filmean. Furgonetak egunero bidaiatzen uzten dizu. Bidean aurkitzen genuen jende ezberdin ugari igotzen genuen furgonetara, etxe bilakatuz... Oso bidaia bizia izan zen. Hango Bereberrekin izan genuen harremana eta hango talde batekin grabatu genituen kanta pare bat. Eta gero, Naguak (Sudanetik Marokora etorritako beltzen tribua) ezagutzeko aukera ere izan genuen. Hauek bazuten musika talde bat eta oso ondo moldatu ginen haiekin.

Tindufeko kanpalekuetan Saharauien egoera ezagutu zenuten. Zer azpimarratuko zenuke bidaia horretatik?

Bidaia horretako bidelaguna Garazi izan zen. Garazi han jaiotako neska da baina hamalau urterekin Ordiziara etorri zen bizitzera. Bitartekari ezinhobea izan genuen. Musika aldetik oso gauza bitxiak ikusi eta entzun genituen. Emanaldi bat ere eman genuen, baita bi abesti grabatu ere... Baina beste gauzen gainetik, herriaren desio kolektiboaren mezua jaso izan dugu filmean. Hogeita hamar urte basamortuan zai dagoen herri batek ez du beste desiorik. Hori da bere desio bakarra: haren herrira itzultzea burua ondo goian izanda...

Mongoliakoek diotenez, gizon bat zaldirik gabe txori bat hegalik gabe bezalakoa da. Nolakoa izan da herri zaldunarekiko harremana?

Bidaiarik erosoena izan zen. Ziur geunden han ondo aterako zirela gauzak. Oso herrialde zabala dute eta populazioa berriz Euskal Herrian dagoenaren antzekoa da. Gutxi dira, eta oso sakabanatuak. Iritsi bezain pronto jaialdi batean jotzeko deitu ziguten. Lau edo bost emanaldi eman genituen. Han eduki genuen aukera bertako musikariekin grabatzeko eta hango musika ezagutzeko. Ia hamar egunetan, musikaren aldetik lortu nahi genuena gauzatu genuen. Gero estepako nomadak eta Txatanak ezagutzera abiatu ginen. Benetako nomada izaera han izan genuen aukera gertutik ezagutzeko. Eta oso eroso sentitu ginen haiekin nahiz eta tutik ere ez ulertu, haien jarrera oso atsegina izan baitzen. Musikari dagokionez, haien musikaren erritmoak zein melodiak zaldien irrintzia imitatzen dute.

Goazen filmeari buruz mintzatzera. Gidoia aurretik prestatuta al zenuten?

Gidoi guztia grabatu ondoren osatu dugun gauza izan da. Gidoi lanetan aritu gara Igor eta biak, Raul de la Fuente zuzendaria eta Pablo Iraburu. Igor eta biok enpresa bat sortu genuen `Txalapart` izenarekin, eta aurreko bidaia egin ondoren Arena Komunikazioa enpresarekin elkartu eta koprodukzioan gauzatu dugu filmea. Azken momentuan `Parallell 40` izeneko enpresa katalana sartu da portzentaia txiki batekin. Talde txikia osatu dugu filmea gauzatzeko. Pablo Iraburu izan da izugarrizko laguntza, testuak lantzeko. Gidoian laurok aritu gara, baita zuzendari lanetan ere. Musika, ordea, nirea da eta laster argitaratuko dugu CD batean. Gure web orria www.nomadaktx.com da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!