Askatasunak manifestazioa deitu du gaur arratsaldeko 20:00etan Plazan, Audientzia Nazionala stop! lemapean. 114 euskal herritar epaituak izaten ari dira irailetik urrira bitartean Audientzia nazionalean. Askatasunaren ustez, horrekin frogatuta geratzen da ´Audientzia Nazionalak ekinbide errepresiboari eutsi nahi diola, torturaren erabilpenarekin jarraitzen, euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak zanpatzen eta euskal preso politikoei salbuespeneko neurriak ezartzen`. Honen aurrean, Askatasunak ondorengoa adierazi du: ´Audientzia Nazionalak euskal bizitza politikoa behin eta berriro baldintzatzen du, eta edozein neurri errepresibori lege maila ematen dio eta egungo une politikoan errealitate hau bere gordintasun osoan ikusi dezakegu`. Audientzia Nazionala horrelako une erabakigarri batean, inoiz baino gehiago aritzea ´lanean` oso esanguratsu jotzen du Askatasunak. ´Horren atzean erabaki politiko maltzur bat dago: urteetan zehar Euskal Herrian estatuak erabilitako zanpaketarako tresna legitimatzea, bake prozesua desitxuratzeko helburuarekin`. Horren aurrean, galdetzen dute: ´Posible al da herritarron hitza eta erabakia errespetatzea Audientzia Nazionala mantenduta? Zapateroren gobernuari esijitzen diogu Audientzia Nazionala desagertzeko`.
Kontzentrazioa 18:00etan
Askatasunak Iñaki De Juanaren aldeko kontzentrazioa deitu du gaur, 18:00etatik 20:00etara Zinkonean. De Juana Algeciraseko ospitalera eraman zuten asteartean, gose grebako 45garren egunean, eta gogoz kontra elikatu dute. Herritarrei deia egin diete kontzentrazio eta manifestazioan parte hartzeko. Etxeratek ere manifestaziora joateko deia egin du.
Itxialdia Milagrosan
Gaur itxialdia egingo dute Milagrosan, bihar eguerdira arte, euskal preso politikoak jasaten ari diren jarrera errepresiboa salatzeko. Herritarrak animatzen dituzte parte hartzera, manifestazioaren ondoren Plazara agertuta.