Mende laurdena Erreala animatzen

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 22a, 03:00

Mujika Taldeak hainbat ekitaldi egingo ditu gaurtik igandera arte Hernanin, 25garren urteurrena ospatzeko. Traka batek emango die hasiera, gaur 20:00etan, Orkolagan.

Mujika Taldeak asteburu honetan ospatuko du 25garren urteurrena. Errealeko peña horrek Hernaniko Anboto tabernan dauka egoitza, 2005eko urtarriletik, eta urteurreneko ekitaldiak ere Hernanin antolatu dituzte.

1981etik erreala animatzen
Mujika Taldeak Atotxa atzekaldeko egur enpresarengandik hartu zuen Mujika izena eta 1981garren urtean sortu zutenetik, ez dio utzi Erreala animatzeari, bai etxean, Atotxan eta Anoetan, eta bai kanpoan, urte guzti hauetan lehen mailan egon direnen zelaietan. Mujikako kideak Euskal Herriko zelai guztiak zapaldutakoak dira eta Euskal Herritik kanpo ere, hainbat zelaietan entzun dira beren oihuak, hala nola, Madril, Bartzelona, Santander, Vigo, Cadiz, Valladolid, Zaragoza eta beste asko. Europa aldera ere joandakoak dira, Turinera, Lyonera, Pragara... Atotxan, Mujika taldeak porteria atzeko harmaila osorik hartzen zuen eta ehundaka lagun aritzen ziren etengabe Erreala animatzen. Mugimendu haundiko urteak ziren eta aldizkaria ere kaleratzen zuten, besteak beste. Kanpoko zelaietara ere lagun asko mu-gitzen ziren, eta Bilboko partidu baterako 7 autobus betetzea lortu zuten, esaterako.

Anoetako garaia
1993an Anoeta inauguratu zenetik, Mujika kideen kopurua jaitsi egin da zertxobait, zelaiko animazioarekin batera. Errealeko presidenteren batekin izandako gorabeherek ez diote askorik lagundu taldearen garapenari. Azkenaldian, jende gaztea sartuta, Mujikan animazioa berpizten ari da eta, poliziaren errepresioarengatik, egindako bidaiak indarra galdu badute ere, garai berrian Santiago Bernabeu eta beste zelai askotara joan dira, Erreala azpitxapeldun geratu zen denboraldian, batipat. Gaur egun 70 bat bazkide ditu Mujika taldeak, asko hernaniarrak, eta Anboto tabernan elkartu ohi dira.

25garren urteurrena
Aurten taldearen 25garren urteurrena dela eta, asteburu honetarako ospakizunak antolatu dituzte. Gaur 20:00etan, lehergai traka eta dultzaineroekin hasiko dira asteburuko ekitaldi-ak. Taldeko bazkideentzat garagardo barra librea jarriko dute Anboton, eta gero DJ Bifull musika jartzen ariko da. Baliteke Errealeko jokalariren bat Anboton agertzea. Larunbatean, 16:00etan hasita, futbito txapelketa egingo dute kiroldegian, Bidea, Iskanbila, Beti Erreala eta Mujika taldeen artean. 19:00etan, indarrak hartzeko, merienda eta garagardo barra librea izango da eta 20:00etan, Atsegindegin, kontzertua eskainiko dute Orreaga 778, Afonia, Hell Beer Boys eta Apunta! musika taldeek. Egun osoan zehar, Mujika taldearen argazki eta bestelakoen erakusketa egongo da ikusgai Anboto tabernan. Igandean, bazkari ofiziala egingo dute Jauregi jatetxean eta ondoren, denak Anoetara abiatuko dira Erreala anima-tzera Recreativo de Huelva ren aurka.

Egitaraua
Ostirala, irailak 22

  • 20:00etan: Lehergai traka, dultzaineroak eta barra librea Anboton.
  • 21:00etan: DJ Bifull Anboton

Larunbata, irailak 23

  • 16:00etan: Futbito txapelketa kiroldegian
  • 19:00etan: Merienda eta barra librea Anboton
  • 20:00etan: Kontzertua Atsegindegin:
      Orreaga 778, Afonia, Apunta! eta Hell Beer Boys
  • Egun osoan : Argazki, pegatina eta abarren erakusketa Anboton

Igandea, irailak 24

  • 14:00etan: 25garren urteurreneko bazkari ofiziala Jauregin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!