Bildu Hernani : «Ez Landarbason, ez Zubietan, ez inon. Errausketarik ez!»

Kronika - Erredakzioa 2006ko irailaren 20a

Plataformak, Hernanin ‘Errausketarik ez!’ lemapean egingo den manifestaziora joateko deia egin du, larunbatean, 18:30ean.

prentsa ohar batean, Bildu Hernani plataformak errausketaren aurkako jarrera adierazi du berriro ere eta herritarrak Errausketarik ez! lemapean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu ditu, larunbatean, arratsaldeko 18:30ean, Plazan. Bere oharrean plataformak dio, Landarbason edo Zubietan, ´Foru Aldundiaren inposizioak` berean jarraitzen duela eta errausketaren kalte eta arriskuen larritasuna ez dela gutxitu horregatik, ´kutsadura, osasun arazoak, isurketa toxikoen arriskuak... arazo horiek guztiak Zubietan mantentzen dira. Erraustegia ez da konponbidea, arazoa baizik`. Oharrean Hernaniko EAJ-PNV eta EAko zinegotzien jarrera salatzen dute: ´Alde batetik, errausketaren aurka azaldu dira, baina, beraiek dira Foru Aldunditik erraustegia inposatu nahi digutenak`. Eta galdera bat luzatzen diete: ´Zer gertatzen da, Landarbason hain kaltegarria denak, Zubietan ez duela kalte eta kutsadurarik sortzen?`. Bildu Hernanik, Gipuzkoako instituzioen jarrera ere gogor salatu nahi izan du: ´Hondakinen tratamenduan ez dute aurrerapausurik eman. Hondakinen eta zabortegien gaia usteltzen utzi dute, alternatiba oro baztertuta, eta orain errausketaren erabakia inposatu nahi digute. Herritarrok ezin dugu onartu EAJ-PNV eta EAk zuzendutako Foru Aldundiaren txantajea`.

´Alternatibak badaude`

BHren ustetan, hondakinen tratamenduan badaude alternatibak eta eman beharreko urratsak azaltzen ditu: ´Lehendabizi, hondakinen sorrera murriztea; bigarren, ahal dena berrerabiltzea; hirugarren, berrerabili ezin dena birziklatzea; eta, laugarren, berrerabili edo birziklatu ezin den guztia energia bihurtzen saiatzea`. Ondoren jakinarazten dute hondakinak trata-tzeko zein bide hartuko luketen: ´Biometanizazioa eta konpostajea da gure hautua. Bartzelona edo Kanadan bide hau hartu dute eta, urrutira joan gabe, Araban ere biometanizazioaren aldeko hautua egin dute eta hondakinen %70-80 erraz berreskuratu daitekeela erakusten du beren esperientziak. Bide horretatik doa gure apustua`. Azkenik, larunbatean, Hernaniko kaleetan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!