Albokarien topaketa Hernanin Mariano Barrenetxearen omenez

Kronika - Erredakzioa 2006ko irailaren 20a

Aurtengoa, 13garren edizioa, datorren larunbat eta igandean izango da. Larunbat arratsaldean, Barrenetxearen ekarpenak abiapuntu hartuta, emanaldia izango da Biterin.

Datorren asteburuko larunbat eta igandean, irailak 23 eta 24, Albokarien 13. topaketa izango da Hernanin, Hernani Musika Eskola Publikoko Albokari taldeak antolatuta, Hernaniko Udalak babestuta, eta Herri musikaren txokoa eta Euskal Herriko albokarien laguntzarekin. Aurten, Mariano Barrenetxea albokari ospetsua omenduko dute, berriki zendu dena. Barrenetxea galdakaoztarrak 40 urtetik gora eman zituen alboka jotzen eta albokari buruz berak idatzitako liburuak oso garrantzitsuak izan dira tresna horren garapenerako. Albokarien topaketa 1994an egin zen lehen aldiz Hernanin eta ordutik, urtero antolatu izan dute, hutsik egin gabe, eta albokazale guztientzat ezinbesteko hitzordua bilakatu da. Topaketa horren helburu nagusiak dira Euskal Herriko albokari eta alboka ikasleei elkar ezagutzeko aukera ematea, alboka munduan ematen ari diren berrikuntzak eta lantzen ari diren musikak ezagutaraztea eta jende arruntari soinu tresna hau eta bere musika gerturatzea.

Egitarau zabala

Aurrez aipatutako helburuak lortzeko egitarau zabala prestatu dute astebururako. Larunbat arratsaldeko 19:00etan Mariano Barrenetxearen ekarpenetik abiatuta izenburua duen alboka kontzertua emango dute Hernani Musika Eskolako albokariek, Biteri kultur etxean. Igande goiz eta arratsaldean ere albokarekin erlazionaturiko hainbat ekitaldi izango dira Hernaniko kaleetan. Goizeko 10:30ean elkartuko dira albokariak udaletxeko arkupetan. 11:00etan albokari taldeak kalez kale ibiliko dira alde zaharreko kaleetan barrena. Bitartean, Tilosetan albokagile azoka-erakusketa izango da eta bertan albokagintzan duten trebezia ikusi ahal izango da, beren azken berrikuntzekin batera. 12:30ean Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroatik etorritako albokariek Albokaldia izeneko emanaldiari ekingo diote Tilosetan. Emanaldian zehar, 14:30etan Santa Barbara elkartean egingo den bazkarirako txartelak saltzen ariko dira postu batean, 15 eurotan. Arratsaldeko 18:30ean albokariek agurreko kalejira egingo dute Hernaniko alde zaharreko kale eta plazetan. Horrekin bukatutzat emango dute albokarien aurtengo topaketa.

Mariano Barrenetxea (1937-2006)

Aurtengo albokarien topaketa Jose Mariano Barrenetxea GutiƩrrez musikajole eta ikertzaile galdakaoztarraren omenez egingo dute. Mariano 1960an hasi zen alboka jotzen eta ahal izan zuen guztia ikasi zuen albokari buruz. 1967 eta 68an albokarien batzarrak eratu zituen, irakasle ere izan zen eta berak idatzitako lanek duintasuna ekarri zioten musika tresna horri. Hemen berak idatzitako lanak: Folklore vasco. Andra Mari (1963), Alboka. Entorno folklorico (1976), La alboka. Cuaderno de seccion folklore: Eusko Ikaskuntza (1983), La alboka y su musica popular vasca (1986) eta Aclaraciones sobre la alboka (2000). Lan hauei esker, etorri dira zenbait albokari.

Jatorrizko testua:Manu Gojenola Onaindia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!