POPULISMO ERRAZA

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 19a, 03:00

Irailaren hasieran Hernaniko Udalak Ur-Parkearen ateak ireki ditu eta ia hiru milioi euro inbertitu ditu obra honetan. Horrekin batera irailaren hasierako arrakasta azpimarratu dute ez dakit zenbat mila erabiltzaile izan direlako. Horrek guztiak hausnarketatxo bat egitera bultzatu nau udalaren diru-baliabideen erabileraz. Azken urteetan Hernanin ehundaka eta ehundaka etxe eraiki dira eta honekin batera gazte asko bertan bizitzera animatu dira, haurrak izatera ausartu... Zerbitzu aldetik, aldiz, ezer gutxi hobetu da azken urteetan beharrak asko handitu arren. Horren ondorio zuzena izan da hainbat eta hainbat zerbitzu publiko oso eskas geratu izana. Adibide batzuk bururatzen zaizkit: udal-igerileku estalia oso-oso txikia geratu da, Udal Musika Eskolan urtero dozenaka eta dozenaka haur geratzen dira lekurik gabe, Biteri Kultur Etxeak antolaturiko ikastaroetan jende asko kanpoan geratzen da, ez dugu herrian antzoki txukunik (dagoenak ezin du 200 ikusle ere jaso), ikastetxeetako kirol instalazioak urriak dira, Osasun Zentroa gainezka dago, bidegorri sarea hutsaren hurrengoa da... Hauek adibide gutxi batzuk besterik ez dira, gehiago egongo dira, noski. Nire ustez goian aipatu ditudan zerbitzuak beharrezkoak dira gure bizi-kalitatea hobetzeko, eguneroko erabilera izango lukete, izan ere horien gabeziak askotan etsipena eta amorrua sortzen baitigute. Udalak, aldiz, soilik uda partean eta aisialdirako izango den inbertsio bat egitea erabaki du; nire ustez, herritarren artean behar bezalako galdeketa egin baino lehen. Europan eta Ipar Ameriketako hainbat herritan erreferendumean erabakitzen dira herrirako garrantzitsuak diren inbertsioak. Baina hemen galdeketa bakarra hauteskundeetan egiten da, eta kitto. Inbertsio hau ere horri begira dagoela uste dut, hau da, datorren maiatzean egingo diren udal hauteskundeetara begira. Bestela, nekez uler daiteke irailean igerileku batzuk irekitzea, are gehiago uztailean eta abuztuan langileek gau eta egun, asteko zazpi egunetan lan egin dutenean (OSALANen bisita mereziko zuen). Horrekin batera beste kezka bat sortu zait Ur-Parkearen egokitasunaren inguruan: bazter guztietatik aldarrikatzen ari dira uraren erabileraren garrantzia, ura ondare ekasa dela... Hondar-tzak hain gertu egonik, eta Astigarraga eta Urnietako igerilekuak gertu izanik, koherentea da hainbeste ur erabili-xahutzea?. Errespetu osoz. Mikel Orbegozo
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!