´hernaniko haurren jauregia` bezala definitu zuen Joxan Rekondo alkateak haurtzaindegi berria, atzo goizean egindako inaugurazio ofizialeko ekitaldian. Alkateaz gain, Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Txema Mercado Hezkuntza zinegotziak hartu zuten parte.
Elkarlanean egindakoa
Inaugurazio ekitaldian Joxan Rekondok hartu zuen hitza eta instituzioen artean egindako elkarlana nabarmendu zuen. Azpimarratu zuen, Hernanin 18 urte daramatzala martxan haur eskolak eta orain urte t’erdi edo, Haurreskolen Partzuergoarekin harremanetan jarri zirela, ordurarteko 60 plazak 140 plazatara igotzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzak eta Udalek osatzen dute Haurreskola Partzuergoa. Alkatearen hitzetan Udalak Partzuergoarekin egindako elkarlanari esker lortu da ´Hernanik izatea inguruko hezkuntza sistemarik konpletoena, hasi 0 urtetik eta bigarren hezkuntzaraino`. Ondoren Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkun-tza sailburuak hartu zuen hitza eta, ikusi duen ´haur eskolarik politena, haundiena eta modernoena` dela esan zuen. Partzuergoa osatzen duten 117 herrietan 128 haur eskola daudela nabarmendu zuen eta 3.750 umeentzat dagoela horietan lekua. Inaugurazio ekitaldia amaitzeko Hezkuntza zinegotzi den Txema Mercadok, ekonomia Nobel saridun batek esandako hitzak ekarri zituen gogora, ´klaseen arteko diferentziak ekiditeko inbertsio ekonomiko garrantzitsuenak, 0tik 8 urtera bitarteko hezkuntzan egindakoak` direla adierazi zuen.
140 plaza, 12 gelatan
Haur eskola berrian guztira 140 haurrentzat dago tokia. 0-1 urte bitarteko 6 gela daude eta hauetan 48 haur. 1-2 urte bitartean 4 gela eta 52 haur; eta 2-3 urte bitartean, gela bat eta 18 haur. Beraz, une honetan 118 haur daude. Kontutan hartu behar da, oraindik jaiotzeko dauden haur batzuk badirela zozketan plaza egokitu zaienak. Haur hauek zaintzeko, 18 hezitzaile ariko dira lanean, horietatik 8 udalak kontratatuak eta beste 10 Haurreskola Partzuergoak. Eraikinari dagokionez, 12 gela daude adinka sailkatutako haurrak hartzeko prest. Beste 2 gela berezi psikomotrizitatea lantzeko eta beste bat plastikako lanak egiteko. Gela hauez gain, aisialdirako zenbait gune ere baditu eta nabarmentzekoak dira, 1.000 metro karratu inguru dituen lorategia eta jolas parkea.